Martxoak 8

"Bidezkoa da eraldaketa feministak eragin dituzten emakumeen belaunaldiekiko zorra aitortzea"

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 4a, 13:12

Ostiraleko Emakumeen Egunera begirako mozioa onartu zuen udalbatzak gehiengo osoz iragan ostegunean eginiko osoko bilkuran.

Testuak bidezkotzat jotako aitortza egin nahi du ate joka dugun Martxoaren 8aren harira. Izan ere, "bidezkoa da gure gizarteak historian zehar eraldaketa feministak eragin dituzten emakumeen belaunaldiekiko zorra aitortzea, bai genero-agindu eta genero-estereotipoen aurkako erresistentzietan, bai mugimendu feministaren borroka kolektiboetan".

Iraganera begira, testuak oroitarazten duenez, "sistema patriarkalak emakumeen ideiak ikusezin bihurtu ditu eta haien aktibismo politiko eta soziala ukatu ditu, beraien aldarrikapenak isilaraziz eta komunitateen aldeko lorpenen ebidentziak ezabatuz. Gainera, sistematikoki ezkutatu dira jatorri eta tradizio kultural desberdinetako emakumeen, emakume arrazializatuen, lesbianen, dibertsitate funtzionala duten emakumeen eta adineko emakumeen ekarpenak".

Adineko emakumeak arretagune
Egoera hau iraultzearen aldekoa da udalbatzak onarturiko mozioa. "Zehazki, arreta jartzen dugu adineko emakumeen egungo belaunaldian, sistematikoki estereotipatua eta diskriminatua den belaunaldi horretan, sozialki garrantzirik gabekoa bihurtu duten horretan. Gainera, ikusezintasun hori ahulezia handiagoko egoerak ezkutatzen ari da, hala nola, prekarietatea eta pobretzea, nahi ez den bakardadea, osasun-arazoak eta indarkeria matxista motak".

Testuinguru honetan, adineko emakumeen egungo belaunalditik hasita, "emakumeen belaunaldien historia berreskuratzeko eta emakumeek eta borroka feministek udalerrien bizitzari eman dioten balioa aitortzeko" hainbat konpromiso hartu ditu Udalak; besteak beste, honako hauek: emakumeen memoria historikoa aitortu eta berreskuratzeko proiektuak garatzea, une historiko bakoitzeko mugimendu feministak aintzatesten laguntzea, belaunaldien arteko topaketa eta elkarrizketa guneak babestea, emakume bereziki adinekoen ikusgarritasun soziala sustatzea eta harreman zein partaidetza moduetan arreta jarriko duten proiektuak bultzatzea, haien ahalduntze ekonomikoa bermatzeko diru-sarrera eta pentsioen eskaera babestea, bereziki adineko alargunentzako laguntza eta prestazio ekonomikoak ezagutaraztea, laguntza eta zaintza zerbitzu publikoak indartzea edota adineko emakumeen aurkako indarkeria matxistaren eragina ikertzea.

Bi testu
EHBilduk aurkezturiko mozioaren aurrean, EAJk testu propioa proposatu zuen. "Oso antzekoak dira", zioen jeltzaleen bozeramaile Xabier Otxoak. Euskadiko Udalen Elkartearen (EUDEL) baitan adostutakoa izan zela mozioa eta "ez dugu ikusten beharrik moldatzeko" gaineratu zuen. Udal gobernu taldearen testuaren aurrean abstenituko zirela baina EUDELena bere horretan babestuko zutela iragarri zuten aipatu udal taldetik.

Udal gobernu taldetik harriduraz hartu zuten EAJk aurkezturiko testua. Izan ere, EHBilduk proposaturikoa ia testu bera zela azaldu zuen alkate Agurtzane Solaberrietak. Martxoaren 23an irekiko duten Emakumeen Etxearen aipamena txertatu eta emakume belaunaldien arteko topaketari buruz testuak dioena zehaztu nahi izan zuela adierazi zuen, EUDELen baitan adostutako testua alderdi politiko guztien babesarekin ez zela onartu argitzearekin batera. 

Bi mozioak bozkatu zituzten. EAJk defendaturikoak PSE-ren aldeko botoa jaso zuen, EHBilduko udal ordezkariek aurka bozkatu zuten, eta beraz, gehiengoaren babesik ezean, ez zen onartu. EHBildurena bai, udal gobernu taldeko kideen aldeko botoez gain, PSE-ren udal ordezkariaren babesa jaso zuen eta EAJko zinegotziak abstenitu egin ziren. Petri Romero PSEk bi mozioak babestu nahi izan zituen, EHBildukoak txertaturiko zehaztasunak ontzat ematearekin batera.


2024ko Martxoaren 8ko adierazpena
Emakumeen nazioarteko egun honetan, bidezkoa da gure gizarteak historian zehar eraldaketa feministak eragin dituzten emakumeen belaunaldiekiko zorra aitortzea, bai genero-agindu eta genero-estereotipoen aurkako erresistentzietan, bai mugimendu feministaren borroka kolektiboetan.

Sistema patriarkalak emakumeen ideiak ikusezin bihurtu ditu eta haien aktibismo politiko eta soziala ukatu ditu, beraien aldarrikapenak isilaraziz eta komunitateen aldeko lorpenen ebidentziak ezabatuz. Gainera, sistematikoki ezkutatu dira jatorri eta tradizio kultural desberdinetako emakumeen, emakume arrazializatuen, lesbianen, dibertsitate funtzionala duten emakumeen eta adineko emakumeen ekarpenak.

Zehazki, arreta jartzen dugu adineko emakumeen egungo belaunaldian, sistematikoki estereotipatua eta diskriminatua den belaunaldi horretan, sozialki garrantzirik gabekoa bihurtu duten horretan. Gainera, ikusezintasun hori ahulezia handiagoko egoerak ezkutatzen ari da, hala nola prekarietatea eta pobretzea, nahi ez den bakardadea, osasun-arazoak eta indarkeria matxista motak.

Emakumeen ahalduntze-prozesuak tradizio teoriko, politiko eta filosofiko feminista baten oinordekotzat hartzea eskatzen du. Horregatik, adineko emakumeek dituzten jakinduriak eta errealitatearen ikuspegi kritikoa balioestea lagungarria da memoria historikoa erreparatzeko. Konponketa horrek aukera ematen digu gure aurreko emakumeak ezagutzeko eta iragana, oraina eta etorkizuna lotuko dituen belaunaldien arteko transmisioa bermatzeko.

Martxoaren 8an, emakumeen nazioarteko eguna dela eta, erakunde ezberdinek eskura ditugun estrategia eta mekanismo guztiak sustatu behar ditugu, genealogia feminista ikusarazteko eta emakumeekin historian izandako ahanzturak konpontzeko.

Udalok, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak garenez, aukera eta ardura dugu, toki-eremuan, emakumeen belaunaldien historia berreskuratzeko eta emakumeek eta borroka feministek udalerrien bizitzari eman dioten balioa aitortzeko, adineko emakumeen egungo belaunalditik hasita. Beraz, Usurbilgo Udalak konpromiso hauek hartzen ditu:

-Emakumeen memoria historikoa aitortu eta berreskuratuko duten proiektuak garatzea, genealogia sortzeko, hurbileko erreferenteetatik hasi eta tokiko bizitzan eragina izan duten talde feministetaraino. Eudeli eskatzen diogu konpromisoa hartzeko udalek egin dituzten lan guztiak bildu eta eskura jartzeko bere web gunean.

-Une historiko bakoitzean, tradizio eta ingurune kultural guztietan, sistemarekiko erresistentzia eta erantzuna artikulatu duten mugimendu feministak aintzatesten laguntzea.

-Adineko emakumeen, emakume etorkinen, paperik gabekoen, eta abarren ezagutzak eta esperientziak trukatzeko belaunaldien arteko topaketa- eta elkarrizketa-guneak babestea, ahalduntze feministarako eta adin eta baldintza desberdinetako emakumeen aliantzarako guneak izan daitezen. Berriki Usurbilen zabalduko dugun Emakumeen Etxea horretarako gune aproposa izango da.

-Emakumeen ikusgarritasun soziala sustatzea ikuspegi intersekzionalaz, bereziki, adineko emakumeena, bere aniztasun osoan, eta emakumeen zahartzaroari buruz , gizartean, nagusi den irudia eraldatuz, adinean eta estereotipoetan oinarrituta.

-Adineko emakumeek esparru publikoan dituzten esperientzietan eta harreman- eta partaidetza-moduetan arreta berezia jarriko duten proiektuak bultzatzea, haien aniztasun osoan.

-Errenta baxuenak dituzten adineko emakumeei, bereziki alargunei, ahalduntze ekonomikoa bermatuko dieten diru-sarreren eta pentsioen eskaera babestea, eskumena duten erakundeen aurrean.

-Adineko emakumeentzat, bereziki alargunentzat, dauden laguntza eta prestazio ekonomikoak ezagutaraztea.

-Udal-eskumeneko laguntza- eta zaintza-zerbitzu publikoak indartzea, adineko emakumeei autonomia eta aktibismoa mantentzea ahalbidetzeko.

-Adineko emakumeen aurkako indarkeria matxistaren eragina eta hura gauzatzeko moduak ikertzea eta horietan sakontzea, emakume horien errealitatera eta beharretara egokitutako erantzunak artikulatzeko.