Herrien arteko elkartasun eta protesta gunea izan da larunbat eguerdi hau frontoia. Usurbilek bat egin nahi izan du Palestinak bizi duen muturreko egoera larri, sarraski, min eta sufrimenduarekin. Palestinako genozidioa behingoz gera dadin exijitu dute, herria bera askatzeko eskaera plazaratzearekin batera.
Mezuokin eta Palestinako bandera marraztua zuen pankartaren bueltan bildu dira hainbat herrikide eta herri eragile bi orduz, eguerdiko 12:00etan hasi eta 14:00ak arte. Palestinar banderak eskuartean, aipatu salaketa mezuokin bat egin dute aipatu herritarrekin batera, Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak, Aztarrika Gazte Asanbladak, kultur eragileak batzen dituen Usurbilgo Kulturguneak, Usurbilgo EHBilduk, Sarek, Aitzaga Kultur Elkarteak, LAB sindikatuak eta NOAUA! Kultur Elkarteak.
"2 ordu Palestinarekin"
Euria tarteko, aterpe gisa baliaturiko frontoian etenik gabe eginiko bi orduko mobilizazio hau, "Gernika Palestina" eta Yala Nafarroa herri plataformek asteburuan Euskal Herri osoan deitu dituzten mobilizazioen testuinguruan egin da.
Lehenagotik urte luzez, baina urriaren 7az geroztik Israelek Palestinaren aurkako erasoaldia nabarmen gogortu ostean, gogoan izango duzue Gernika-Palestina herritar taldea osatu zutela eta hilabete hartan bertan, mobilizazioak deitzeari ekin ziotela; Donostian manifestazio nazionala edota handik hilabetera, azaroaren 7an, herriz herri elkarretaratzeak. Plataforma honek hainbat sindikatu (LAB, ELA, CCOO, UGT, Steilas, CGT eta Etxalde) eta Ikama ikasle mugimenduarekin batera, elkartasun aktiborako astea deitu dute herriz herri.
"Yala Nafarroa" kolektiboa ere deialdi honetara batu da, eta guztiek, "2 ordu Palestinarekin" elkarretaratzeak deitu astebururako, tokian tokiko kolektiboekin lankidetzan. Ekimenokin, "ekintza komunitarioa sustatu nahi dute Gazan, kolektibo palestinarren bidez". Horretarako, herritarrei diru ekarpenak egitera deitu diete. Bestalde, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu nazioarteko epaileen aurrera eramatea sustatzeko ekimena ere izango da honako hau.
Palestinaren aldeko herritar taldeak deialdiokin bat egin eta mobilizazio hau Usurbilen egitea bideratu du.
Gernika Palestina herri ekimenaren adierazpena: "Palestinarekin elkartasun aktiboaren astea"
Heriotza eta suntsipena dira nagusi Gazan eta jada Palestinako txoko askotan. Gaurdaino Israeleko gobernuak bere armadaren bidez 30.000 pertsona inguru hil ditu. Milaka pertsona, zauritu, lekualdatu, eta okupazioaren ondorioz, ura, janaria, erregaia, medikuntzarako hornidura falta eta deshidratazio larriaren ondorioz hiltzen ari dira. Israelgo soldaduek herriak, auzoak, azpiegitura asko suntsitu eta hondakin bihurtu ditu.
Ez dago bizi-aterpe segururik, ihesean dauden milaka pertsonentzako. Euren lurraldean palestinar jendea preso edo errefuxiatua da, euren herriak heriotza-kartzela bilakatu dituelako israeldar genozidioak. "Israelgo ekintza genozidak" ez dira ehun egun hauetara mugatzen baina, prozesu honetan 75 urteko apartheid-ak Nakbah, suntsidura, heriotza eta herri oso baten ukazioa definitzen joan da. Historikoki egiaztatutako gertakari horien aurrean, gogoratu behar da Israelek etengabe urratu dituela Nazio Batuen ebazpenak. Azken hilabetetako izugarrikeriaren mugak ordea, Israelgo okupazio militarraren estrategia politikoa erakutsi digu: palestinar herriaren suntsidura.
Urriaren 7tik aurrera Palestinar herriaren aurkako genozidioak ordea oso jarrera konprometituan utzi du Nazioarteko Komunitatea. Nazioarteko komunitateak nahiago izan du modu irmoan ez inplikatzea eta pasiboki onartzea herri palestinarraren aurka Israelgo Estatua gauzatzen ari den okupazio militarra. Bere sorreratik, Gernika-Palestina Deialdi Herritarraren helburua Euskal Herritik elkartasun erantzunik ahalik eta zeharkakoena eta bateratuena antolatzea izan da, oinarrizko hiru aldarrien gainean; Israeli sarraskiarekin amaitzeko exijitzea, nazioarteko komunitatearen inplikaziorako interpelatzea eta Palestinar herriaren eskubideen errespetua eskatzea. Zentzu honetan, ekimen ezberdinak burutu ditugu; lehenik Donostiako kaleak betez, ondoren herriz herriko elkarretaratzeekin edo eta Gernikatik zabaldutako giza irudiaren bidez besteak beste.
Egoeraren larritasuna ikusita, inoiz baino gehiago, elkartasun ekimen aktiboak areagotzeko garaia dela deritzogu. Beste behin, agintari eta erakundeei exijitzen diegu Israel behar dezatela Palestinan burutzen ari den operazio militarrak berehala eteteko.
Era berean, palestinarren bizitza segurtatzeko, Nazioarteko komunitateak neurri eraginkorrak bideratu behar ditu oinarrizko zerbitzuak eta laguntza humanitarioa bermatzeko. Horregatik laguntza humanitarioa ematen duten erakundeak oztopatu eta kriminalizatu baino, lagundu behar dituzte.
Era berean, palestinarren bizitza segurtatzeko, Nazioarteko komunitateak neurri eraginkorrak bideratu behar ditu oinarrizko zerbitzuak eta laguntza humanitarioa bermatzeko. Horregatik, laguntza humanitarioa ematen duten erakundeak oztopatu eta kriminalizatu baino, lagundu behar dituzte. Azkenik, Palestinaren eskubide nazionalengatik eta estatu propioa eta bideragarria eratzeko eskubideagatik, aktiba dezagun elkartasuna. Palestina askea.