Usurbil Palestinarekin

"Palestinak bake-mina"

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 2a, 14:32

"2 ordu Palestinarekin" mobilizazioan abestuz parte hartu du Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak.

Larunbat eguerdi honetan bi orduko etenik gabeko mobilizazioa egin dute frontoian, Palestinako genozidioa geldiarazteko eskatu eta herri haren askapena nahi dutela adierazteko. Hitzorduan zehar, hainbat herrikiderekin batera, herri eragileek ere txandakatuz parte hartu dute. Hamabost minutuko txanda hauek sirena hotsek hasi eta amaitu dituzte. Herri eragile ezberdinek eutsi diete mobilizazioko "genozidioa gelditu, Palestina askatu!" aldarria zeraman pankartari.

Musikaz giroturiko hitzorduan, kanturako tartea ere hartu eta abestuz bat egin dute protesta ekimen honekin. Horixe da hain zuzen, Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak deialdi honekin bat egiteko izan duen modua.

Kantu Taldekoen zapiak lepo bueltan jantzi, pankartaren bueltan bildu eta honako abesti hau kantatu dute maisuki. Segidan duzue abestiaren letra eta albiste honi atxikia duzue baita abestu duten unea.