Elkartasun aktiborako deia egin dute Gernika-Palestina eta Yala Nafarroa herri plataformek egunotan. Palestinar herriaren aurkako genozidioa geldiarazteko mobilizazioz jositako asteburua izaten ari da honako hau Euskal Herrian. Usurbilek ere bat egin du larunbat honetan frontoian egindako "2 ordu Palestinarekin" elkarretaratzearen bidez. Horrez gain, elkartasun postua ere jarri dute egunotan.
Izan ere, palestinar herria lagundu nahiz haren alde mobilizatzeko bide ezberdinak daudela berri eman dute antolatzaileek. Batetik, Palestina ikusarazteko banderolak eskuratu eta etxean, ibilgailuan, lantokian edota establezimenduetan jartzeko deia egin dute. Sare sozialetako profiletan ere Palestina ikusgarri egitea eskatu dute. Kanpainako kartelekin ere gauza bera egiteko deialdia zabaldu dute.
Palestinar herriarekiko elkartasun taldeetan edo norbanako gisa eragiteko gonbita ere egiten ari dira egunotan.
Laguntza
Gogoan izan, hiru dira elkartasun aktiborako ekimenon helburuak; "Netanyahu nazioarteko epaileen aurrean eramateko. Gazan elkartasun proiektuak bultzatzeko. Palestina leku guztietan ikusarazteko".
Elkartasun proiektuak bideratzeko dohaintza ekonomikoa ere egiteko bidea ere zabaldu dute, Laboral Kutxaren kontu zenbaki honetan: ES36 3035 0083 2808 3014 0037. Bestela, bizum bidez ere egin daitezke diru ekarpenak (dohaintza atalean) Mundubat GKE, 08837 (kodearekin).
Informazio gehiago, gernikapalestina.eus atarian.
Kulturatik, ere "Genozidioari Stop"
Euskal kulturgintza ere palestinar herriaren aurkako genozidioa etetea galdegiteko protestara batu da. Manifestazio nazionala deitu dute egunotan, martxoaren 17rako (igandea), aipatu herriari elkartasuna adierazteko. 12:30etan abiatuko da Alderdi Ederretik eta Haizearen Orrazian amaituko da. Bidean, hainbat musikari, abeslari, bertsolari, dantzariren emanaldiak edota margolarien mural pintaketak izango dira. Helmugan, Haizearen Orrazian, giza esku hartzeko artistiko masibo bat irudikatuko dute. "Kulturatik genozidioari stop" egitasmoaren bueltan batu diren sortzaileek deialdi honekin bat egitera deitu diete eragile politiko, sozial, sindikalei eta askotariko kolektiboei eta norbanakoei.