Joseba Larratxerena, Itzuliko kartela

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 4a, 12:17

Itzulia lehen aldiz antolatu zenetik ehun urte bete diren urte honetako kartela Joseba Larratxek sortu du. Iaz irabazitako Euskadi Literatura saria jaso izanagatik heldu zaio sorkuntza lan hau egiteko enkargua.

Urte luzez gure artetik igaro ostean, datorren apirilaren 1etik 6ra antolatu duten 63. Itzulia ez da Usurbildik igaroko, baina Euskal Herriko txirrindularien bira udalerri honi lotua egongo da aurten ere, sortzaile baten bidez. Izan ere, Joseba Larratxe "Josevisky" ilustratzaileak sortu du Itzuliaren kartela. Segidan duzue.

Kartel hau diseinatzeko enkargua sari baten eskutik heldu zaio Larratxeri. Iaz, Euskadi Literatura saria jaso zuen Ni ez naiz Mikel Laboa (Elkar) komikiagatik. Azken sei urteotan, sari hau jasotzen duenak sortzen du Itzuliko kartela. Hala da, 1936ko gerraren aurretik. Kirola eta kultura batzen dituen ekimen hau 2019an berreskuratu zuten.

Bi irudi
Diseinu lana astelen goiz honetan aurkeztu dute Bilboko Arte Ederren Museoan. Egilea bertan zen, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriarekin, Julian Eraso Itzulia Basque Countryren antolatzaile den OCETA-ren (Euskadiko Txirrindularitza Erakundeak) presidentearekin eta Miguel Zugaza Arte Ederren Bilboko Museoko zuzendariarekin batera. Arte Ederren Museoan bertan gordeak dituzte azken urteotan sortutako kartelak, "Yolanda Mosquerak, Asisko Urmenetak, Miren Asiainek, Javier de Isusik eta Maite Mutuberriak" diseinaturikoak hain zuzen.

Egilearen esanetan, bi irudi baliatu ditu kartel hau egiteko. “Batetik, txirrindularien esfortzu aurpegiak, izerditan, ahoa zabalik edo hortzak estuturik, mendian gora. Bultzada horrekin erlazionatu dut beti txirrindularitza. Bestetik, euskal zaletuen irudia etorri zitzaidan gogora, Euskal Herriko eta atzerriko portuetan, errepide bazterra ikurrinez betetzen. Izan ere, zaleak dira euskal txirrindularitzaz gehien goraipatzen dena. Ondoren, txirrindulariaren betaurrekoetan zaletuen isla erakutsiz bi irudi horiek bakar batean elkartu nitzakeela konturatu nintzen. Modu horretan, txirrindulariaren azalean jartzen gara eta berak ikusten duena ikusten dugu”.

Mendeurrena
Arte Ederren Museoko zuzendariak Larratxe zoriondu du bere sorkuntza lanagatik, "kirolarien ahalegina eta euskal zaleen atxikimendu sutsua grafikoki sintetizatzeko izan duen gaitasunagatik”. Gainera, “artearen eta kulturaren balioak lurraldean zabaltzen laguntzen duten arte aplikatuetako profesionalen harrobi garrantzitsua” azpimarratu du. 

Kultura, kirola eta turismoa uztartzen dituela Itzuliak gogorarazi du Erasok eta lankidetza honekin jarraitzeko asmoa agertu du. 

Larratxek sortutako kartelak edizio berezia iragarriko du; 63. Itzulia bai, baina estreinakoz lehenengoa antolatu zutenetik ehun urte beteko dira. Sei etapa izango ditu aurtengoak eta honako hauek izango dira abiapuntu eta helmugak, apirilaren 1etik 6ra: Irun-Irun, Irun-Kanbo, Ezpeleta-Altsasu, Etxarri Aranatz- Legutio, Gasteiz-Amorebieta Etxano eta Eibar-Eibar.