Ikastaro berriak ate joka, orain izen-emateko garaia

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 5a, 08:36

Datozen ikastaroetan izen-emateko garaia duzue.

Alkartasuna Kooperatiba
Bi ikastaro antolatu dituzte datozen bi ostiraletarako:

Martxoak 8, ostirala
15:30-18:30 "Fruitu arbolen udaberriko edo zotzeko txertaketa" Potxoenean.
Bideratzailea: Josu Osa.
Zehaztasunak: "Neguko txertaketari buruzko ikastaro teoriko-praktikoa. Josu Osa adituaren eskutik, 8 txerto mota baino gehiago ikasiko ditugu".

Martxoak 15, ostirala
15:30-18:30 "Sagastien neguko kimaketa, gaixotasunak eta tratamenduak" Potxoenean.
Bideratzailea: Aitor Etxeandia.
Zehaztasunak: "Neguko inausketa mota desberdinak eta bere helburuak azalduko dira; Ekoizpenaren hobekuntza. Arbolaren erregulazioa fruta adarrak sortuz, airea eta argitasuna bilatu, adarrak berritu. Ongarriketa desberdinen helburuak eta bere aplikazioak ere aztertuko dira. Inausketa praktikak Usurbilgo sagastietan egingo dira".

Izen-ematea:  943 361114 / alkartasuna.eus web orrian.
Antolatzailea: Alkartasuna Usurbilgo Baserritarren Kooperatiba.


Idazketa tailerra
Gaur arratsaldeko 18:30etarako antolatu du Sutegi udal liburutegiak 2. Etumeta Literatura Lehiaketaren testuinguruan. Yolanda Arrieta Malaxetxebarriak bideratuko du saioa, 16 urtetik gorako herritarrentzat liburutegian bertan.


Etxeko konponketei buruzko Jabetze Eskola
Jabetze Eskolak udaberrian segida izango du ikastaro berriekin. Lehenengoa zein izango den aurreratu du jada Usurbilgo Udalak. Izan ere, Parekidetasun Sailak emakumeei zuzenduriko etxeko konponketei buruzko ikastaroa iragarri du. "Tailerraren helburua etxean sortzen diren konponketa txikiak egiteko oinarrizko ezagutzak eskuratzea da, halakoak egiteko beldurra galdu eta konfiantza gehiagorekin aritzeko. Bi orduko zortzi saio izango dira, eta hainbat eratako lanak ikasiko dituzte: entxufeak konpontzea, iturriak ura galtzen duenean zer egin, apalak jartzea, paretak lisatzea edo pintatzea", Udaletik berri eman dutenez.

Saioak astelehenetan eskainiko dituzte Atallu industriagunean (Zanpiura, 3an) martxoaren 11tik maiatzaren 13ra, 17:00-19:00 artean. Euskaraz eskainiko da ikastaroa eta hamabi lagunentzako tokia egongo da. Izena otsailaren 26tik martxoaren 8ra, bideotatik eman ahalko da: parekidetasuna@usurbil.eus / 943 371 951.


KzGunea
Martxoan 16:00-20:00 artean irekiko dute KzGunea. Informazio gehiagorako:
Kale Nagusia, 37
943 023 684
tutor.usurbil@kzgunea.net
kzgunea.eus


Martxoa Gastronomikoa
Abian du 30 urte beteko dituen Aitzaga Kultur Elkarteak, urtemuga ekimenon baitan, Elketa jatetxeko sukaldari Haritz Arruti herrikidea bideratzen ari den sukaldaritza ikastaroa. Otsailaren 29rako zuten iragarria lehenengo saioa: datozenak martxoaren 7an, 14an eta 21ean egingo dituzte, 18:00-21:00 artean Aitzaga elkartean. Izen-ematea itxita dute.


Kantu Taldea
Gogoan izan, 15 urte bete dituen bilgune honek abian duela ikastaroa. Astelehenero arratsaldeko 18:00etan ikastolako musika gelan biltzen dira, Jaione Eskuderoren gidaritzapean. “Beti bezala, kantu zaharrak eta berriak errepasatzea eta ikastea izango da entseguetako helburu nagusia, urteko tradiziozko pasadizoetan parte hartuz, kantu-afariak antolatuz, Sutegin kontzertu ekimenen bat plazaratuz, herrian zehar hileroko kantu jirak ospatuz eta abar. Azken finean, kantatzeko ohitura hauspotzea, transmisio kultural bat sustatzea euskaratik eta euskaraz, lagunarteko harremanak bultzatuz sortzen den giro ederraz gozatzea eta beste herrietako kantuzaleekin adiskidetasun bat jorratzea kantu-saio-trukaketak bultzatuz”.