Zumarte Musika Eskolak antolaturiko zikloari, hilaren 7an Aginagan ekingo diote ikasleek eta Orbeldiko kideek, dantzaz ere girotuko duten emanaldian. Joan Luis Atxega gidari izango duen Salbatore elizako organoa ezagutzeko bisita gidatuek edota Zumarteko irakasle Jon Imanol Etxabe usurbildarrak Alaitz Artolarekin batera eskainiko duen kantu-piano errezitalak emango dio jarraipena Soinurbili. Azpeitiko musika eskolarekin egingo duten trukeak, Landarbaso abesbatza sarituaren emanaldiak, Erromintxelak taldeak, haurrentzako Ene Kanta saio arrakastatsuak edota Andoaingo Musika Bandaren saioak borobilduko dute zikloa.
23. Korrikak, bestalde, euskararen alde lasterka bizian jarriko du herria. Martxoaren 19an, gaueko 22:50ak aldera helduko da Zubietara hipodromoko zubi aldetik. Santuenea, Kalezar, Kaxkoa zeharkatuko ditu eta N634 errepidetik barrena Aginaga igaroko du. Astearte horretarako, bazkalostetik gauera, ekimen sorta antolatu dute Korrika Batzordearen bueltan bildutako herri eragile ezberdinek. Lehenbizi, ikastetxeetako Korrika Txikiak ospatuko dira, gero, familia plana egingo da Zirimararekin. Txokolate gozoa dastatu edota bertso-saioaz gozatzeko aukera egongo da. Aztarrika gazte asanbladakoekin beroketa ariketak egin eta... Korrikara!
Pelaioenearen irekierara begira
Euskararen aldeko lasterketaren atarian, Etumeta AEK euskaltegiko ikasleentzako bertso saio berezia antolatu dute hilaren 13an, trebakuntzara bideratua. Horrez gain, Udarregi ikastolako LH 6. mailako ikasleek elkartasun azoka antolatu dute, AEK-ren aldeko diru bilketarako. Korrika igaro eta biharamunean, “Nazioa eta Hizkuntza: Humboldtekin Korrika” aurkezpen-solasaldia iragarri du Sutegi udal liburutegiak.
Aipatu zikloez haratago, urtero berez izaten du egun seinalatua hilabete honek; Martxoaren 8a hain zuzen. Aurtengoan, hilaren 23an irekiko duten Usurbilgo Emakumeen Etxera begirako bigarren asanblada egingo dute Potxoenean; segidan, Usurbilgo hainbat emakumeren ahotsak plazaratuko dituen elkarretaratzea iragarri dute Mikel Laboa plazan eta eguna amaitzeko, pikoteo musikatua Artzabalen.
Treba Gurasoak
Ikastaroen atalari dagokionean, Alkartasuna Kooperatibak bi saio antolatu ditu hilabete honetarako; "Fruitu arbolen udaberriko edo zotzeko txertaketa" eta "sagastien neguko kimaketa, gaixotasunak eta tratamenduak" izenekoak hilaren 8 eta 15erako hurrenez hurren. Etxeko konponketei buruzko ikastaroa iragarri du bestalde, Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak emakumeentzat, Jabetze Eskolaren baitan.
Otsailean hasitako Treba Gurasoak egitasmoak segida izango du baita hilabete honetan ere beste bi saiorekin; "Pornografia gaur egungo sexu-heziketa ote?" eta "Komunikazioa familian. Guraso eta seme alaben arteko harremanak eta komunikazioa hobetzen" hizpide dituzten hitzorduak iragarri dituzte Gaztelekuak, Hitz Aho Guraso Elkarteak, Usurbilgo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Bisita gidatuak
Bileren atalari dagokionean, aipatzekoen artean, Haur Eskolari buruz Usurbilgo Udalak martxoaren 6rako deitu duen informazio bilera edota Usurbilgo Elkargunea eraikitzeko otsailean abiarazitako parte hartze prozesuaren segida. Aginagako Herri Kooperatibak ere lehen batzar orokorra iragarri du martxoaren 22rako. Egun horretan ere filosofatzeko aukera eskainiko digu Oinherri Usurbilgo Taldeak. Helduen saioa izango da.
Bestalde, Aitzaga Kultur Elkarteak 30. urtemuga ekimenei segida emango die. “Ikusezinak. Erbesteratuen haurrak” liburuaren solasaldia iragarri dute. Jarraipena izango dute baita Usurbilgo sorkuntza ondarea ezagutzea ahalbidetzen duten bisita gidatuek hilaren 10ean, 23an (Chillida Lekura bisita) eta 31n (Zumeta Arte Estudiora bisita).
Kantu-jira lehenago
Amaitzeko, kantu-jira izango dugu hilero moduan, ez azkeneko larunbatean, hilabete amaierako jai egunak tarteko, astebete aurreratuko du hitzordua Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak. Biharamunean, hilaren 24an, Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoaren baitan ondutako "Olagarroa" antzezlana programatu du Usurbilgo Udalak.
Egunez eguneko ekitaldien berri zehatzago, web orrialde honetako "Agenda" atalean jaso dezakezue. Haietako hainbat hitzorduetarako sarrerak edo gonbidapenak, aldiz, usurbilkultura.eus plataforman eskura ditzakezue.