Haur Eskola hizpide izango duen informazio bilera gaur

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 6a, 07:00

Udalak esku artean duen informazioaren berri emateko bilera irekia deitu du asteazken honetarako, martxoaren 6rako. 

Sutegin batuko dira, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. "Gaur egun haurrak hara eramaten dituzten gurasoak ez ezik, gaiarekiko interesa duen oro" gonbidatu du bilerara.

Ikasturte honetan, Udalak haur eskolako familien kuotaren %62 hartu du bere gain. Behin-behineko neurri hau iaz hartu zuen, Eusko Jaurlaritzak Partzuergoko haur eskoletan doakotasun unibertsala ezartzeko asmoa iragarri zuenean. Gogoan izan, doakotasun horretatik aparte geratu zirela herri izaerako haur eskolak, tartean, Usurbilgoa.

Erabakia urtebeterako izango zela azpimarratu zuen Udalak, Hezkuntza Sailak emango zituen hurrengo pausoen ikuskizun, "udalarentzat suposatzen duen esfortzu ekonomikoaz” eta hausnarketa egiteko beharraz ohartaraztearekin batera.

Urtea pasa da eta Udalak aitortu duenez, "aurreikusi baino denbora gehiago behar izan dugu gaia lantzeko, haur eskolarekin zerikusia duten erpinak ugari direlako". Honen harira, “etorkizunera begirako lurzoru sendo eta egonkor bat finkatu nahi izan dugu udaletik: ikastolaren ekarpenak eta iritziak aintzat hartzen saiatu gara, eta hilabeteotan izan dugun iritzi trukaketa oinarri, etorkizuneko udal haur eskolaren proiektua osatzen ari gara”.

Proiektu hori sendotu asmoz, "zerbitzuaren inguruko araudia eta zerbitzua esleitzeko lizitazioa prestatzen ari gara". Asteazken honetako, martxoaren 6ko bileran xehetasun gehiago eskaintzeaz gain, gurasoen balizko kezkak ere atendituko dituzte.