23. Korrika

AEK laguntzeko elkartasun azoka

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 6a, 10:40

Udarregi ikastolako LH 6. mailako ikasleek elkartasun azoka antolatu dute datorren asterako, badatorren 23. Korrikara begira ikastolak erosia duen kilometroa ordaintzen lagundu eta diru ekarpen hori AEK-ri helarazteko.

Badator euskararen aldeko lasterketa ezaguna, badator 23. Korrika! Martxoaren 14an abiatuko da Irunetik, "Harro herri" aldarripean. Hilaren 19an, gaueko 22:50 aldera helduko da gure artera, Zubietako hipodromoko zubitik. Zubietako kaxkoa, Santuenea, Kalezar eta Kaxkoa zeharkatuko ditu. Handik, N634 errepidean barrena Aginaga zeharkatuko du gero. 

Euskararen aldeko datorren lasterketan lekukoa hartuko dutenen artean izango da Udarregi ikastola. Erosia duten kilometroa ordaintzeko eta diru ekarpen horren bidez AEK laguntzeko azoka solidarioa antolatu dute LH6. mailako ikasleek datorren asterako Agerialdeko patioan. "Egoera onean dauden jostailuak, janaria, liburuak eta eskuz egindako gauzak egongo dira salgai", iragarri diote ekimen honen sustatzaileek NOAUA!ri; tartean, baita Korrikarako petoak ere.

Ohartarazi dutenez, erositako jakiak (glutendun eta gabeko gozogintza, patata tortila...) etxera eraman nahi izanez gero, salmenta postura taperrarekin joateko deia egin dute. Elikagaiok ikasleek etxetik eginda eramango dituzte elkartasun postu honetara.

Laguntza AEK-ra
Hitzorduaren xehetasun eta helburuak azaltzeko ondoko argazkikoa bezalako kartelak sortu dituzte. Euskarri des- berdinetan ari dira iragartzen ekimena; ez soilik NOAUA! bidez, baita ikastolako informazio buletinean, jolasgaraiko megafono bidez ere iragarriko dute. Kartelak jarriko dituzte, bestalde, udal azpiegitura hainbatetan; hala nola, Oiardo kiroldegian, Gaztelekuan edota Sutegin.

Azoka solidario horretan bildutako laguntza, aipatu moduan, AEK-ri bideratuko diote, Udarregi ikastolak erositako kilometroaren bidez. Horrekin batera, ikastola bitan irtengo da hilaren 19an euskararen alde. Bazkalostean, Korrika Txikia ospatuko dute eta gauean, 23. Korrikan lekukoa eramango dute. Argazkiko protagonistek parte hartu zuten duela bi urteko 22. edizioan. Oroitzapen ederra dute orduko hartaz. Ikasleok lekukoa eramateko ohorea izan zuten. Zirrara handiko une hau berrituko dute laster, guztiok bezala.

Elkartasun azoka
Martxoak 11-15
16:15-16:45 AEK laguntzeko azoka solidarioa Agerialdeko patioan.
Antolatzailea: Udarregi ikastola.