Osoko bilkura

Berrikuntza, taxi zerbitzuaren tarifetan

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 6a, 12:01

Aurrerantzean, ordutegi eta egunaren araberako hiru tarifa mota aplikatuko dituzte taxi zerbitzuek eskualdean.

Urtero moduan, 2024rako ere taxi zerbitzuaren hiri tarifak onartu zituen udalbatzak aho batez, iragan ostegunean egindako osoko bilkuran. Ohi bezala, Buruntzaldean eraturiko "erregimen bereziko gunean" adosten dira tarifa hauek eskualde osorako eta urtero berrikusi egiten dituzte. Bertan biltzen dira sei udalak eta Gipuzkoako taxi elkarteak.

Aurtengoan, bada nobedaderik udal gobernu taldetik azaldu zutenez. Izan ere, "laster Oarsoaldea eta Buruntzaldea eskualdeen eta Donostia udalerriaren artean taxiaren Erregimen Bereziko Eremua eratuko denez, beharrezkoa da hiri-garraioko zerbitzuaren tarifak bateratzea". Horregatik hain zuzen, "etorkizuneko Erregimen Bereziko Eremuak eragina izango duen taxi-sektoreko kideen adostasun osoarekin, bateratze hori Donostiako tarifa-araubidearen babesean eskatzen da. Hori dela eta, Donostiako tarifa-erregimenaren esparruan dagoen 5. tarifa eskualdeko gainerako udalerrietara zabalduko da".

Horixe da hain zuzen, 2024ko taxi zerbitzuari lotutako tarifetan txertatuko duten berrikuntza. Orain arte bi tarifa mota zituen zerbitzu honek; berri bat erantsiko diote aurtengoan, bosgarren tarifa deiturikoa. Honako hau, ostiral, larunbat eta jai-bezperako gaueko 22:00etan hasi eta igande eta jaiegunetako goizaldeko 7:00ak arte aplikatuko da.

Gainerako bi tarifa motak lehendik indarrean zeudenak dira. "Tarifa 1" deitutakoa, lanegunetan izango da indarrean, goizaldeko 7:00etan hasi eta gaueko 22:00ak arte. "Tarifa 2" izenekoa, aldiz, "Tarifa 5" aplikatzen ez den gainerako gauetan, 22:00-07:00 artean, baita "tokiko araudian ezarritako jaiegunetan, bai eta larunbatetan eta abenduaren 24an eta abenduaren 31n ere". Tokiko jaiegunok izango dira: ekainaren 24a Andoainen eta Hernanin, uztailaren 1a Lasarte-Orian, 2a Usurbilen, uztailaren 26a Astigarragan eta irailaren 30a Urnietan. 


2024ko HIRI TARIFAREN PROPOSAMENA

(eurotan adierazita (€))

TARIFA1*

TARIFA 2**

TARIFA 5 ***

Gutxieneko tarifa

Egindako kilometroa

Itxaroteko ordua

Gutxieneko tarifa

Egindako kilometroa

Itxaroteko ordua

Gutxieneko tarifa

Egindako kilometroa

Itxaroteko ordua

5,964693

0,837677

24,320055

6,91065

1,299642

32,426738

6,925205

1,345130

33,561597