Osoko bilkura

Orbeldiko presa eta indarretxea deskatalogatzea erabaki du udalbatzak

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 6a, 12:30

Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako Ondare Katalogoaren Aldaketa Puntuala (05 aldaketa) hasieraz onartzea erabaki zuen aho batez udalbatzak, iragan otsailaren 29ko osoko bilkuran, "ondare etnografikoko elementuen artean jasotako "Orbeldi presa eta indarretxea (ruina)" deskatalogatzeko xedearekin". 

Behin-behinean hartutako erabaki hau jendaurrean jarriko da 30 egunez, alegazioak aurkezteko, erabakia iragarki taulan eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzearekin batera. Tarte horretan, gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailei txostena eskatuko die Usurbilgo Udalak. 

Erabaki honen bidez, orain arte Orbeldiko presari eta indarretxeari zuten babes etnografikoa kendu egingo zaie, hitza hartzeko udal taldeek izan zuten tartean, udal gobernu taldetik nabarmendu zutenez, etorkizunean "presa eraitsi behar bada, deskatalogatuta uzteko".

Ur-bizien kanala
Jakina denez, Gipuzkoako Piraguismo Federazioak ur bizien kanalaren proiektua sustatu nahi du. Gogoan izan, Udaletik azaldu dutenez, 2019. urte amaieran erregistratu zuten proiektua; lurzoru urbanizaezinezko plan berezia eta ingurumen txosten estrategikoa. Urtebete beranduago, plan berezia hasieraz onartu zuen Udalak. 2021eko otsailean jendaurrean jarri zuten plan hau eta tarte horretan ez zen alegaziorik jaso.

"Plan Bereziaren xedea Orbeldin ibaiari lotutako kirol ekipamendu bat ezartzeko hirigintza parametroak zehaztea eta Orbeldiko presa inguruko ingurumen-hobekuntza da. Plan Bereziak kanalaren gainean kokatzen den zentralaren edo indarretxearen aurriak kentzea eta kanala zena kirol erabilerarako egokitzea proposatzen du, bertan ur-biziko kanal bat sortuz. Zentralaren aurriak kanalaren gainean kokatzen direnez, ez dira bateragarriak aurrien mantentzea eta kanala kirol erabilerarako birmoldatzea. Horregatik, kirol ekipamenduak behar dituen zerbitzuak (ontzien biltegia, aldagelak, komunak, harrera etab) kanaletik kanpo kokatuko den zerbitzu-eraikin berri baten egitea proposatzen dira".

Urte hartan, 2021eko apirilean, "
Eusko Jaurlaritzako EAEko Lurralde Antolamendurako Batzordera bidali zen lurzoru urbanizaezineko Plan Berezia tramitatzeko espedientea eta txostena eskatu zitzaion" eta bertan aldeko txostena eman zuen.

Iazko abuztuan, Gipuzkoako Foru Aldundian interes publikokotzat jo zuen proiektu hau. Eta urrats honen ondotik dator deskatalogazioaren planteamendua. "
Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostenean egindako ohartarazpena kontutan hartuta, Usurbilgo Udalak Orbeldiko presa eta indarretxearen balio kultural eta etnografikoa identifikatzeko txostena eskatu zion Aranzadi Zientzia Elkarteari".

Indarretxea hondatua, presa ez
Aranzadiren txostenak dio, "gaur egun indarretxearen eraikina oso egoera hondatuan aurkitzen dela eta ez duela elementu arkitektoniko garrantzitsurik. Halaber, bertan zeuden makinak desagertuta eta/edo hondatutako hondakinak direla. Aldiz, zentralari lotutako presa eta deribazio-kanala kontserbazio-egoera onean daudela dio eta ingeniaritza hidrauliko industrialari lotutako elementu arkitektoniko garrantzitsuak direla".

Eusko Jaurlaritzaren ohartarazpena eta Aranzadiren txostena kontuan izanda, eta horrekin batera, "ingurumen ikuspegitik, presa horiek ibaiairen ekosistemarako oztopo badirela" kontuan izanda, udalbatzak hasieraz onartu berri duen aldaketa bideratzeko tramitazioari ekin zion.

Udal gobernu taldetik iragan asteko osoko bilkuran, ur bizi kanalaren tramitazio prozesuak oraindik luze joko du, "gaurkoz ez dakigu zenbat luzatuko den".