Osoko bilkura

Euskal Trenbide Sarearen eta Udalaren arteko hitzarmena, Txokoaldeko obren eraginak murrizteko

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 6a, 12:42

Euskal Trenbide Sareak eraiki nahi duen tunelaren lanen harira, obra hauen eragina murrizteko hitzarmena adostu dute Udalak eta ETS-k. Udalbatzak aho bateko onarpena eman zion, iragan asteko osoko bilkuran.

"Txokoalderekiko begirunea" eskatu zuten 2022ko abendu hasieran bertako bizilagunek eta Udalak trenbide ondoan, auzorako sarbidean egin zuten agerraldi bateratuan. Elkarlanean landutako hobekuntza sorta aurkeztu nahi izan zioten, Euskal Trenbide Sareak tren zerbitzuen maiztasuna indartzeko handik hurbil, Olabarrieta-Illunbe artean egin asmo duten 1,2 kilometroko tunelaren proiektuari. 

Nabarmendu zuten moduan, "proiektuaren asmo eta helburuekin bat egiten dugu, egungo tren azpiegitura eta zerbitzua hobetzea dakarrelako eta horrek ere ekarri beharko lukeelako behintzat, garraio publikoaren erabilera areagotzea, baina horretan alde egoteak ez du esan nahi, gaur egun proiektua eta obra bera planeatu den bezala ados gaudenik eta horregatik alegazio ugari aurkeztu ditugu", iragarri zuten. Bi helbururekin; obrek ingurumenean eta txokoaldetarren egunerokoan izango duten eragina gutxitzeko.

Laburbilduz, Txokoaldeko sarrera-irteerak hobetzea, Oria zeharkatzen duen Altzonazko zubia konpontzea, tren pasabidea ezabatzea, obrarako bide alternatiboa eta etorkizunerako bidegorria eraikitzea, Txokoaldeko tren geltokia berreskuratzea eta lan guztiok izango duten eragina murriztea galdegin zuten. Ekarpenok aintzat hartzea eskatu zioten Eusko Trenbide Sareari. 

Alegazio batzuei bide emango diete
Bide horretan, urrats bat eman du orain Usurbilgo Udalak, Euskal Trenbide Sarearekin hitzarmena landu du eta lankidetza-hitzarmen hau onartzea erabaki zuen udalbatzak aho batez, iragan otsailaren 29an eginiko osoko bilkuran. Erabaki horren baitan, alkateari Udalaren izenean hitzarmen hau izenpentzeko ahalmena eman zaio.

Erabaki hau hartu aurretik, udal ordezkariek hitza hartzeko izan zuten tartean, udal gobernu taldetik azaldu zutenez, Txokoaldeko bizilagunek eta Udalak Euskal Trenbide Sareari eginiko "alegazio batzuk aintzat hartu ditu" eta "horiei bide emateko hitzarmena da" hain zuzen udalbatzak aurreko astean onarturikoa.

Onarturiko eskaeretako bat, Txokoaldera sartu nahiz handik irteteko komunikazio bide nagusia den Oria gaineko Altzonazko zubia birgaitzeko konpromisoa jasoa du aipatu lankidetza-hitzarmenak. 1,4 milioi euroko obra izango da, nagusiki ETS-k finantzatuko du. Udalak 300.000 euroko ekarpena egingo du, 100.000 euro hiru urteetan. Alkateak azaldu zuenez, "zubi berria 30 zentimetro igo eta zabaldu" egingo dute. Hartara, etorkizunean pasabide berritu horretan ibili ahalko dira erosotasun handiagoz, ibilgailuak, oinezkoak edota txirrindulariak. Zazpi bat hilabete iraungo dute obrek. Oraindik, ordea, udal gobernu taldearen esanetan, "ez dakigu lanak noiz hasiko diren" eta, honenbestez, horrek planifikatzea zailtzen du. Eragin ditzakeen eragozpenen aurrean, halere, aztertzen ari dira zer baliabide eskaini.

Obretarako bidea
Bestalde, tunela eraikitzeko obren eremura heltzeko, hitzarmenaren arabera, "bidea aldatzeko eskatu izan da Txokoaldetik bertara doan egungo herri bidea 5m arte zabaltzea jasotzen baita eta horrek derrigor inguru txikitzea ekarriko duelako. Aipatu behar da udalak bide alternatibo bat proposatu zuela, Txokoalden trenbidea gurutzatu aurretik eta aparkalekutik bertatik, trenbidearen paralelo eta erriberatik bidea egitea (bide batez etorkizuneko Foru Aldundiko bidegorrirako probestu zitekeena) baina ETS-k ez zuen onartu. Hori ezean, bidea bere osotasunean 5 m ez zabalzea onartu da eta ingurura hobeto egokituko den soluzioa jaso da aipatu bi planoetan".

Geltokia berreskuratzerik ez oraingoz
Trenbide pasagunea ezabatzea zen txokoaldetarren eta Udalaren beste eskaeretako bat. Honako hau kentzeko aukera teknikoak aztertzeko konpromisoa zehaztua dago baita hitzarmen horretan. Urtebeteko epean, "
trenbidea beste maila batean gurutzatu ahal izateko" aukerak aztertzeko Udalak eta ETS-k lan-batzorde teknikoa eratuko dutela gaineratzen du.

Udal gobernu taldearentzat, halere, ez dira aski konpromisook. "Gehiago ere nahi genuen", zioen alkateak iragan asteko osoko bilkuran. Izan ere, lan hauek izango duten eraginarekiko kezkatuak daudela nabarmendu zuten. ETS-k aintzakotzat hartzea lortu ez duten eskaeretako bat, Txokoaldeko tren geltokia berreskuratzea izan da. "Azken unera arte borrokatu dugu. Gaurkoz, ordea, tamalez, ez diote bide eman", Agurtzane Solaberrietaren esanetan. 

EAJ-ko bozeramaile Xabier Otxoak Txokoaldeko bizilagunek "kalteak jasango dituztela, onurarik ez" zioen, "obrengatik eta tren zerbitzuen maiztasun handitzeengatik". Auzoko geltokia berreskuratzeko arrazoiak aztertu beharko zirela zioen.

Adierazpen hauei erantzunez, ETS-tik arrazoiak aipatu zizkietela adierazi zuen alkateak; erabiltzaileak, trenbidea berritu beharra eta tren zerbitzuen maiztasuna indartzeko geltokia berreskuratzeak ekar dezakeen denbora galera. Horren aurrean, alternatibak proposatu zizkietela adierazi zuen alkateak: tren zerbitzu guztiak Txokoalden ez geratzea, "premia handieneko orduetan" baizik; denbora galerarik ez izateko, zenbait uneetan trena Usurbilen geratu ordez, Txokoalden geratzea; edota Usurbilgo geltokia eta Txokoalde zein Aginaga aldea lotuko dituen autobus zerbitzua ezartzea ordu zehatzetan. 

Eskaera hauei ezezkoa emateaz gain, udal gobernu taldetik osoko bilkuran azaldu zutenez, hitzarmena ez sinatzeko arriskuan izan zirenez, geltokia berreskuratzeko eskaera bertan ez jasotzea adostu zuten, baina ohartarazi dutenez, "eskaera hori bultzatzen jarraituko" dute.