20. Soinurbil

"Herria, gure ikasleak aberasteko erreminta bat da Soinurbil"

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 7a, 11:24

Hogeigarren ediziora heldutako Soinurbil Musika Asteko antolatzaileekin bildu da NOAUA!; Zumarte Musika Eskolako lehendakari Agurne Alkorta eta zuzendari Idoia Arruabarrenarekin.

Soinurbil zertarako sortu zenuten?
Idoia Arruabarrena: Ezagutzen genituen beste herri batzuk musika asteak bazituztenak. Eskolan ekimen batzuk egiten genituen, baina beste musika eta talde mota asko ikusteko ez zegoen aukerarik. Horregatik, musika aste bat sortzea erabaki zen. Izena bilatu behar izan zitzaion eta Soinurbil hautatu genuen, soinua eta Usurbil uztartzen dituena. Jarraipen bat emateko asmoz sortu zen. Hitzarmen bat ere sinatu zen Udalarekin urte hartan. Udalak diruz laguntzeko konpromisoa hartu zuen, Foru Aldundiari ere eskatzen dio dirulaguntza, badagoelako partida bat udalak laguntzeko ekimen horietan. Halako aste bat antolatzeak ekartzen duen guztiaz arduratu behar ginen. Badirudi oso gaizki ez dugula egin, hogeigarren ediziora heldu baikara. Usurbildik talde desberdin mota pila batekoak pasa dira. Helburua ere hori zen, Usurbilgo herri osoarentzat izatea. 

Zer nolako Soinurbil zegoen zuen buruan?
I.A.: Beti oso desberdinak izatea, denentzako izatea. Orain ekitaldi asko ditugu, hasiera batean hiruzpalau egun izaten ziren. Musika banda ekarri izan dugu helduentzat, beste musika eskola batekin elkar ezagutzeko trukaketa egin izan da, organoa konpondu zenetik herritarren artean ezagutarazteko lan egin da... 

Zeintzuk izan dira 20 urteotako arrakastaren gakoak?
Agurne Alkorta: Beti oreka bilatu nahi izan dugu; Usurbilek ez duena herritik kanpo bilatu eta ekartzea. Batzuetan ez genekien funtzionatuko ote zuen edo ez. Halere, egia da urtero eskertza asko iristen zaizkigula. 

Zer eman eta zer jaso du Soinurbiletik Zumarte Musika Eskolak?
I.A.: Musikari are eta garrantzia handiagoa eman eta herritarrak, gure ikasleak aberasteko erreminta bat da Soinurbil. 

Soinurbil hedapen prozesu betean dagoela esan daiteke? 
A.A.: Hau dator herri mailan Kulturgunea egiten ari den lanaren ondorioz. Kulturgunetik sustatzen ari gara genero aniztasuna eta herri zein auzoz betetako udalerri honetan saiatu behar garela eremu desberdinetara zabaltzen eta ez zentralizatzen. Horri erantzunez, gako horiek kontutan hartuta saiatu gara Soinurbil ere hedatzen, ari gara pausotxoak ematen. Iaz, Aginagako Eliza Zaharrean egin genuen kontzertu polit bat Orbeldiren laguntzarekin. Aginagarrek urtero errepikatzeko gonbita egin ziguten, guretzat ere oso esperientzia polita izan zen eta mantendu nahi izan dugu aurten. Oraingoan, gehitu nahi izan dugu Zubieta. Umeentzako Ene Kantak formatuarentzat askoz egokiagoa zen Zubietako frontoia. Beraz, Aginagan, Usurbilen eta Zubietan izango dira kontzertuak aurten. 

Soinurbilek izandako bilakaeraren ispilu izan da Zumarte ere ezta? 
A.A.: Ez dut kontenplatzen musika eskola gabeko herri bat; Soinurbil gabekoa. Guretzako modu natural batean dago musika eskola, sendotua, bere tokia duena. Zortedunak gara. Elikatzen da herria Zumartez eta alderantziz.

Azken urteotako eskaintza ikusita, Soinurbil Zumarte eta herriaren arteko zubi dinamikoa da ezta?
I.A.: Hasieran, ekitaldi gehienak Sutegi barruan egiten genituen, batzuk nahitaez bertan egin behar ziren. Baina azken urteotan saiatzen ari gara Soinurbil eta eskolako emanaldiak kalera ateratzen. Hala, jendeak gehiago konektatu, ezagutu eta gozatzen du.

Hurrengo 20 urteak nola irudikatzen dituzue?
A.A.: Formatu honetan eroso sentitzen gara, eskaintza adin guztietara eta tokietara zabaltzen ari gara. Gizartean ematen diren aldaketei egokitzen saiatuko gara. Aurten, adibidez, Landarbaso abesbatza edota Andoaingo musika banda itzuliko dira. Hitzordu horiekin azken 20 urteotako ekitaldiei keinua egingo diegu. Horrez gain, beti diogu organoari eta gure ikasleei toki bat egin behar diegula, baina hortik aurrera sartu dugu umeen emanaldi bat, seguruena indarra izango duena edota Jon Imanol Etxabe irakasle usurbildarraren emanaldia. 
I.A.: Jendea animatu dadila, talde oso potenteak datoz. Halako taldeak ikustea zaila izaten da batzuetan, aukera baliatu beraz.   

Nola doakizue erdibidea igaro duen ikasturtea?
I.A.: Urtero bezala ondo eta ikasleak oso motibatuak daude. Talde piloa ditugu, ikasleen eta irakasleen artean oso giro polita. Une oso politean dago. 
A.A.: Horren erakusleiho argiena da, bi urtean behin beste musika eskolekin egiten dugun trukaketa esperientzia. Aurten, Jacara goaz, hangoak lehenago etorriko dira. Ikasleentzako aberasgarria da erabat, beste jende bat ezagutzea. Duela bi urte Gironakoekin izandako esperientzia hain ona izan zen, harrera horri helduko diogula, ahal bada bi urtero.

Herrira gerturatu behar izan duzue urteotan, orain herria datorkizue Zumartera. Nola bizitzen ari zarete aldaketa hau?
A.A.: Eraikin berri honek aukera berri piloa irekitu ditu guretzat baina baita herriarentzat ere. Oso baikorki ikusten dut erabiltzea, Zumarte musika eskola denona da eta erabiltzeko dago. 
I.A.: Iraunkorki egoten dira txalaparta eskolakoak, dantza garaikide taldea edota Usurbil 1936 elkartea. Horrez gain, eskaera solteak heltzen ari dira.