"Harro Herri", aldarripean 23. Korrika astebete barru, martxoaren 14an abiatuko dute Irunen arratsaldeko 16:00etan. Hilaren 24an Baionako helmugara iritsi arte, Euskal Herria alderik alde zeharkatuko du euskararen aldeko lasterketak. Tartean, nola ez, Usurbil. Hilaren 19an, gaueko 22:50 aldera helduko da gure artera Zubietako hipodromotik. Zubieta, Santuenea, Kalezar, herri erdigunea edota N634 errepide paretik Atxegalde ondotik igarota, bide beretik Aginaga zeharkatuko du lekukoa, Mapilen oriotarren esku utzi arte.
Korrika iritsi aurreko orduetarako hainbat ekimen prestatu ditu Korrika Batzordeak. Ikastetxeek emango diete hasiera martxoaren 19ko bazkalostean Korrika Txikiekin. Segidan, arratsalde pasa iragarri da plazan, gaueko lasterketa heldu arte. Lehenago, Udarregi ikastolako LH 6. mailako ikasleek elkartasun azoka antolatu dute datorren asterako edota bertso saio berezia iragarri dute baita AEK-ko ikasleentzat. Xehetasunok egunotan plazaratuko dituzte.
Abestia eta bideoklipa
Izan ere, beharrezko guztia badu dagoeneko 23. Korrikak; aldarria, ibilbidea, abestia, talde omendua, bideoklipa eta bere berri emateko komunikazioa bideak ere prest dituzte.
23. Korrikak badu soinu-banda, Maite Arroitajauregi "Mursego" gidari izan duen sortze lana; "pop-barroko kantu" gisa definitu dutena. Abestiarekin batera, bideoklipa ere prest. Amaia Badiola Elgezabalena da ikus-entzunezkoaren sorkuntza lana. "Batez ere, aurreko edizioetako artxiboko irudiz osatuta dago". Hala, Korrikak orain arteko edizio guztietan islatu dituen "mota guztietako bilakaerak" ikus daitezke.
Omenduak
Oraingo honetan, Azterketak Euskaraz kolektibo gaztea omenduko du 23. Korrikak, "edo, zehazki, Baxoa eta Brebeta1 euskaraz egiteko borrokan aritu eta ari diren ikasleak".
Antolatzaileen esanetan, "aitortza hau haien egoera ezagutzera emateko bozgorailua izan daiteke: Euskal Herri osoan, eta hemendik kanpo ere, jakin dezatela gazte horiek egun ezin dutela ikasketen zati garrantzitsu hori gure hizkuntzan burutu. Gainerako gazteentzat ere eredugarri izan daiteke ikustea egoera okerrenetan ere hainbat ikaslek ahalegina egiten dutela euskara hautatzeko".
Aplikazio berritua
Euskararen aldeko lasterketak martxoan hamaika egunez ekarriko duenari buruzko xehetasun oro korrika.eus atarian ezagutu dezakezue. Webguneaz gain, aplikazioa ere prestatu du AEK-k. Zuen mugikorrean doan deskarga dezakezue. 23. edizioko berrikuntzetako bat da honako hau. "Aurreko ediziotik hona, guztiz itxuraldatuta dator: hainbat atal berri ditu; adibidez, Korrika Laguntzaile txartela txertatuta dakar, eta aplikazioaren baitan eramateko aukera eskaintzen du, mugikorrean bertan. Horrez gain, astero Korrika Laguntzaileen artean egiten diren zozketak (eta, noski, irabazleak) erakusten dira bertan". 23. Korrika zuzenean ikusi eta entzuteko aukera eskainiko du, gainera.
Ibilbidea
Martxoaren 14an Irunen hasi eta hilaren 24an emango zaio amaiera Baionan. Tartean, aipatu moduan ibilbidearen erdibidean helduko da euskararen aldeko lasterketa udalerri honetara. Lekukoa nortzuk hartuko duten zehaztua dago jada, laster emango dituzte ezagutzera xehetasunak.
Ordua | Kilometroa | Tokia |
22:53:38 | 1365 | Zubietako hipodromo etorbideko zubia |
22:57:04 | 1366 | Irigoien, 34 (Zubieta) |
23:03:34 | 1367 | Learritza pasealekua, 23 (Zubieta) |
23:10:04 | 1368 | Learritza pasealekua, 23 – Amiri (Zubieta) |
23:16:34 | 1369 | Santuenea, 37 |
23:23:04 | 1370 | Belmonte, 1 (Kalezar) |
23:29:34 | 1371 | Puntapax, 24 (Artzabal) |
23:36:04 | 1372 | N-634- 4 |
23:42:34 | 1373 | N.634-5 |
23:49:43 | 1374 | Aginaga, 12 |
23:57:31 | 1375 | N-634 KM- 8, Aginagako Mapil baserriaren aurrean (Hemen Oriok hartuko du lekukoa) |
"Harro Herri"
Harro herri korrika
Harro herri korrika
Harro herri korrika
Bagara!
Harro herri korrika
Harro herri korrika
Harro herri korrika
Plazara!
Harro herri
Hona gu euskaldunak
Euskararen lagunak
Hats eta izerdi
Herri harro
Sarean ta kalean
Bihotza pil-pilean
Tik-tak, tik-tak, tik-tok
Mingainaz mingaina
Mintzairaz mintzaira
Lurrarekin batera
Jira eta bira
Ku kukulumuxu
Koko kokoriko
Euskararen sarea
Ez da eroriko
Mingainaz mingaina
Mintzairaz mintzaira
Hizkuntzak hiztunekin
Aberasten dira
Ku kukulumuxu
Ko-ko kokoriko
Algara batean
Edo afoniko
Harro herri korrika
Harro herri korrika
Harro herri korrika
Bagara!
Harro herri korrika
Harro herri korrika
Harro herri korrika
Plazara!
Ahoa bizi-bizi
Prest belarriak
Eskuz esku heldurik
Lehertu eztarriak
Argazki bat ipini
lasterka egina
Bihotz, muxu, irrintzi
Nik bai eragina!
Mingainaz mingaina
Mintzairaz mintzaira
Lurrarekin batera
Jira eta bira
Ku kukulumuxu
Koko kokoriko
Euskararen sarea
Ez da eroriko
Mingainaz mingaina
Mintzairaz mintzaira
Hizkuntzak hiztunekin
Aberasten dira
Ku kukulumuxu
Koko kokoriko
Algara batean
Edo afoniko
Onlineko txatean
Ez zirri ez mirri
gorputzen epelean
ikimilikilkirri
Esku bat nirea
Bestea zurea
Eman bostekoa
Izan dadin gurea
Ikasten bazabiltza
Egin gurekin
Elkar ulertu arte
Ekin ta ekin
Hizkuntzak ikastera
Bagoaz kanpora
Zergatik ez herrian
Euskara ahora
Harro herri korrika
Harro herri korrika
Harro herri korrika
Bagara!
Harro herri korrika
Harro herri korrika
Harro herri korrika
Plazara!
Harro herri korrika
Harro herri korrika
Harro herri korrika
Bagara!
Harro herri korrika
Harro herri korrika
Harro herri korrika
Plazara!
(irakurtzeko)
Ez badigute ematen,
arrazoia guri
Su emango diogu,
haien legeari