Martxoaren 12an

Udal langileek bat egin dute sektore publikoko greba egunarekin

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 7a, 10:52

LAB, ELA, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuek azken hilabeteotako sektore publikoko mobilizazioekin jarraitzea erabaki dute eta martxoaren 12rako greba eguna deitu zuten duela hilabete. Usurbilgo udal langileek aurrekoetan egin bezala, oraingo honekin ere bat egitea erabaki dute. Beraz, udal langileek kudeaturiko zerbitzu guztiak datorren asteartean eten egingo direla jakinarazi dute.

Greba eguna berriz datorren asteartean, martxoaren 12an, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sektore publikoan, %80ko ordezkaritza duten LAB, ELA, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuek duela hilabete deitutakoa. Modu horretan, azken hilabeteotako mobilizazioei eustea erabaki dute. Haien esanetan, "beste aukerarik ez dugu sektore publikoko lan baldintzak eta zerbitzua benetan hobetzeko. Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak diru bilketetan errekorra eta aurrekontuetan superabita dutenean, langileen behin-behinekotasunak muga historikoa gainditu du (%44) eta erosahalmenaren galera %8tik gorakoa izan da bi urteotan".

%10eko soldata igoera, aurretik hartutako zorra berreskuratzeko konpromisoa, publifikazio planak adostea, enplegu publikoa sortu eta finkatzea, lan kargak arintzea, politika feministak adostea, sektorearen euskalduntzea edota 32 orduko lan asterantz jotzea galdegiten dute sindikatuok. Martxoaren 12ko greba iragartzeko aipatu sindikatuek plazaratu duten adierazpena osorik duzue albiste honetan beherago.

Udal langileek kudeaturiko zerbitzurik ez
Deialdi honekin bat egiten dutenen artean dira Usurbilgo udal langileak. Ohar bidez jakinarazi dutenez, asteartean eginiko bilkuran Langileen Batzarrak bat egin zuen greba egunarekin. Honenbestez, datorren asteartean, martxoaren 12an, langileok kudeatzen dituzten zerbitzuak eten egingo dira, zehazkiago esanda, honako hauek: udaletxea, Gizarte Zerbitzuak, Potxoenea eta Sutegi. Aldiz, udal langileek kudeatzen ez dituzten zerbitzuak martxan izango dira hilaren 12an: "kiroldegia, etxez etxeko laguntza, Gaztelekua, jubilatuen egoitzak, haur eskola, Eguneko Arreta, sexu aholkularitza eta bestelako tailer eta ikastaroak, Bidez Bide garraio zerbitzua", Udaletik jakinarazi dutenez. Garbitaniak ere grebarekin bat egin duenez, asteartean ez da hondakin bilketa zerbitzurik izango. "Hala ere, larrialdi guneak irekita egongo dira, behar dutenek erabilgarri izan ditzaten", ohartarazi du Udalak.

Horrez gain, "Potxoenearen kasuan, ez da arreta zerbitzurik izango, baina modu autogestionatuan funtzionatzen duen heinean, erreserba eginda dutenek bertan bilerak egiteko aukera izango dute".


Sindikatuen adierazpena
LAB, ELA, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuek mobilizazioekin jarraitzea beste aukerarik ez dugu sektore publikoko lan baldintzak eta zerbitzua benetan hobetzeko. Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak diru bilketetan errekorra eta aurrekontuetan superabita dutenean, langileen behin-behinekotasunak muga historikoa gainditu du (%44) eta erosahalmenaren galera %8tik gorakoa izan da bi urteotan.

EAEko sektore publikoko bigarren greba egunetik bi hilabete igaro dira, eta erakundeek eta ordezkari politikoek elkarrizketarako eta akordiorako borondatea adierazi duten arren, sektore publikoko egoera ez da hobetu, kontrakoa baizik: langile publikoen lan baldintzek okerrera egiten jarraitzen dute. Sektore pribatuan, mobilizazioari esker, sektoreko hitzarmen batzutan, KPItik gorako soldata igoerak lortzen ari dira. Sektore publikoan, berriz, Madrilek batutari eusten segitzen du euskal erakunde eta alderdi politikoen adostasunarekin, eta bi urteotan langileen erosahalmenak %8ko galera izateaz gain, behin-behinekotasun orokorrak ere goia jo du: %44tik gorakoa da, historiako handiena, eta 65.000 langile baino gehiagori eragiten die (Osakidetzako sektore batzuetan %50etik gorakoa da).

EAJren eta PSOEren arteko inbestidura akordioak, soldatak eta enplegua hemen erabakitzeko ate bat ireki zezakeen arren –argi utzi zuen horrek sindikatuon eskaerak borondate politikoari lotutako auziak zirela, ez lortu ezinezkoak–, ez da benetako pausorik eman helburu hori lortzeko. Horren adibide argia da honako hau: Eusko Legebiltzarrak 2024rako onartutako aurrekontuetan, 19. artikuluak jasotzen du Madrilek soldaten eta enpleguaren arloan hartzen dituen erabakiak bete behar direla.

Bestalde, sindikatuek eskatu diete euskal alderdi politikoei botoak baliatzeko Madrilek ezarritako betoak galarazteko. Egun, ordea, beto horiek mantentzen dira. Aste gutxi barru landuko den Estatuko Aurrekontuen Legean beto horiek kentzearen alde egitea eskatzen diegu.

Zerbitzu publikoetan egoera hau ematen den bitartean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek inoizko diru bilketa handiena egiten ari dira. Eusko Jaurlaritzak ere superabita du aurrekontuetan, eta EAE ko erakundeek bankuetan ia 10.000 milioi atxikita dituzte.

Horregatik, sektore publikoan %80tik gorako ordezkaritza duten LAB, ELA, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuok dei egiten diegu langile publikoei grebarekin eta mobilizazioekin masiboki bat egin dezaten, erakundeek eta alderdi politikoek Madrilgo betoak negoziatu eta baliogabetzea lortzeko, zerbitzu publikoen soldatak eta enplegua hemen negoziatu eta adostu ahal izateko.

Era berean, zerbitzu publikoen eta horiek ahalbideratzen dituzten pertsonen alde egiteko, sindikatuok erakundeei eskatzen diegu lan baldintzak hobetu ditzatela. Zehazki, hauek dira eskatzen ditugun hobekuntzak:

  • % 10eko soldata igoera eta aurretik hartutako zorra berreskuratzeko konpromisoa.
  • Pribatizazioei atea ixtea eta publifikazio planak adostea.
  • Enplegu publikoa sortzea eta kontsolidatzea, behin-behinekotasuna %8an kokatuz.
  • Lan kargak arintzea, plantillen osasuna bermatuz.
  • Politika feministak, berdintasunerako plan erreal eta eraginkorrak adostea.
  • Administrazioak eta langileak euskaraz, iruzurrik gabe.
  • Jardunaldiaren murrizketa 32 orduko lan astearen norabidean ipintzea.