“Kazetaritza ikasi nuen, idaztetik bizi nahi nuelako. Aberasteko asmorik ez nuen eta hori, egia esan, ez da errealitate bihurtu”. Umoregile izateaz gain, Idoia Torregarai UEUko komunikazio arduraduna da eta NOAUA! Kultur Elkarteko lehendakaria. Saltsa gehiagotan ere aritu da urteotan. Gazte-gaztetatik beraz, asko idatzi du: “elkarriztetak, prentsa-oharrak, bakarrizketak, gidoiak, podcastak, txostenak,... Baina libururik ez”. Gaur goizean Donostian aurkeztu duten Mikroipuinak (Elkar) liburuari esker, zor hori kitatu duela esan daiteke. Patxi Huarte 'Zaldieroa' marrazkilariarekin batera osatu duen hauxe da hortaz, bere lehen literatura-argitalpena. “Horregatik, gaurkoa poza bikoitza da”, esan du Torregaraik.
Txio-herriko bi egile handi
Twitterren magiari esker hasi ziren bien sormen-lanak gurutzatzen. Sare sozial hau hain zuzen, pizgarri ederra izan da usurbildar umoregilearentzat. Duela dozena bat urte hasi zen bertan idazten. “Oso toki interesgarria topatu nuen. Komunitate bat, ‘Txio-herria’ bezala ere ezaguna dena. Garai hartan 140 karakteretan zegoen muga eta nire sormena bideratzeko toki egokia topatu nuen”. Idoia Torregaraik gaurko prentsaurrekoan azaldu duenez, “Twitterrek halako eskape bat ematen zidan nire burutazioak plazaratzeko”. Kazetaria izanik gainera, “mundua titularretan ikusteko joerak asko lagundu zidan istorio txikiak idazteko garaian”.
Idoia Torregarai:
"Zaldieroak nire txioak marraztea bazen hautatua izatea. Halako kategoria bat ematen zidan Twitterren”
Urteotan, txio euskarriak joko asko eman dio Torregarairi. Eta jende asko ezagutzeko bidea ere bai. Tartean, bere umore kolpe askoren marrazkilaria bilakatuko zena, Zaldieroa. “Nik aspalditik ezagutzen nuen, Egunkariaren garaiko zintetatik, baina berak ez ninduen ni ezagutzen. Eta Twitterri esker ezagutu genuen elkar. Gerora, nire txio batzuk marrazten hasi zen eta niretzat ohore handia zen. Berak nire txioak marraztea bazen hautatua izatea, halako kategoria bat ematen zidan Twitterren”. Partekatutako idatziek eta zintek ekarri dute, hein handi batean, Mikroipuinak (Elkar) liburuaren argitaratzea. Mundu birtualean sortutakoa, paperean islatu eta betikotzeko gogoa.
Gertuko gaiak
Liburuan, guztira, 150 mikroipuin batu dituzte. Gaiak gertukoak dira, egunerokotasunari lotuta daudenak. “Janarekin adibidez, konturatu naiz badudala halako obsesio errepikakor bat”, azaldu du Idoiak. Bere errepertorioan klasikoak diren osagaiak ez dira liburuan falta. “Kroketek agertu behar zuten, eta maitasunari buruzkoak edo poltsa beroaren gainean idatzitakoak ere bai...”. Usurbilgo umoregileak nabarmendu duenez, “momentuko txinpartak dira gehienak baina badira su bajuxeagoan sortutakoak ere. Baina orokorrean, bulkadei jarraituz idatzitakoak dira”.
Mamia bezain berezia da azala. Liburuaren formatua ere ezohikoa da, poltsikokoaren neurritik gertu dagoena. “Liburu atsegin bat da. Moñoñoa, oparitzeko modukoa”.