20. Soinurbil

Gogotsu ekin diote Usurbilgo musikari eta dantzariek hogeigarren musika asteari

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 7a, 21:23

Aginagako Eliza Zaharra Elkarguneko oholtza, Usurbilgo dantzari eta musikarien bozgorailua izan da gaurkoan.

Iaz izandako harrera ikusita, Aginagako Eliza Zaharrean ekin dio Zumarte Musika Eskolak aurtengo 20. Soinurbil Musika Asteari, ostegun arratsalde honetan. Orbeldiko kideak izan dituzte bidelagun, eta modu horretan, Usurbilgo musikari, abeslari eta dantzariak batu dituzte zikloaren edizio borobilenari hasiera eman dion estreinako ekitaldian.

Belaunaldi ezberdinak elkartu dituzte, gainera. Batzuen zein besteen ahalegina nabarmendu, eskertu eta txalotu dute Eliza Zaharrera joandako ikus-entzuleek. Gogotsu ekin diete denek zikloari, eta ohi bezala, urtean zehar lau hormen barruan bideratzen duten lanketa plazaratzeko baliatu dute gaurko ekitaldia, bai Zumartek baita Orbeldik ere.

Irrintzi artean joan den Zumarteko trikitixa eta pandero taldeak hasi du saioa, saxofooi taldeak, pianoko ikasleek, tronpeta eta tronboi taldeak edota musika instrumentu ezberdinak zein musikari eta abeslariak batu dituzten taldeek borobildu dute emanaldia. Erdibidean, Orbeldiko kideek dantza giroa piztu dute Eliza Zaharrean.