23. Korrika

Euskararen aldeko lasterketak ibilbidea eta lekuko aldaketak prest

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 8a, 13:30

23. Korrikak udalerri honetan egingo duen ibilbidea zehaztua du jada Etumeta AEK euskaltegiak; baita lekukoa nortzuk eta nondik nora eramango duten ere. Hau guztia ikusgarriago egiteko albiste honi atxikitako bideoa zabaldu dute.

Prestatzen hasiak zarete? Badator zirrara itzela eragiten digun 23. Korrika! Euskararen aldeko lasterketa, dakizuenez, martxoaren 14an Irunen hasi eta hilaren 24an Baionan amaituko da. Euskal Herria alderik alde zeharkatuko duen ekimena erdibidera helduko den une horretan igaroko da gure artetik; martxoaren 19an, astearte gauerdirantz iristear izango garen momentuan hain zuzen. 

22:50 aldera sartuko da euskaltzaleen uholdea Zubietako hipodromoko zubitik. Segidan, Zubieta, Santuenea, Kalezar, Kaxkoa eta N634 paretik Atxegalde zein Aginaga zeharkatuko ditu 23. Korrikak, gauerdiaren bueltan lekukoa Mapilen oroitarren esku utzi arte. Tartean, hamar kilometroko bidea izango du lasterketak geure artean; zehazkiago esanda, 1365-1375 kilometro arteko bide-zatia.

Tarte horretan, Baionara heldu arte ezagutuko ez den, barnean ezkutuan mezua daraman lekukoa herri eragile askoren artean, eskuz esku ibiliko da. Nortzuk eramango duten eta nondik nora zehaztu eta ezagutzera eman du jada Etumeta AEK euskaltegiak. Segidan duzue zerrenda. Horrekin batera, ibilbidea zein den argiago ikusi eta lekuko aldaketak non egingo diren zehazten duen bideoa ere kaleratu dute. Albiste honi atxikia duzue.

Lekuko aldaketak

Nork Nondik nora
Zubieta  
1-Zubietako Eskola Txikia eta Zubietako Herri Batzarra Hipodromoa-Araeta
2-Lanbide Eskola Araeta- Etxeberri Txiki bidea 9
3-Ikaslan Etxeberri Txiki bidea, 9-Etxetxo
4-Fagor Automation Etxetxo-Artzabaleta
5-Enpresa Bidea Artzabaleta-Amiri
6-Orbeldi Dantza Taldea eta Zumarte Musika Eskola Amiri-Santueneako bidegurutzea
Usurbil  
7-Aitzaga Kultur Elkartea Santueneko bidegurutzea-Oxtape
8-Aztarrika Gazte Asanblada Oxtape-Egurtzegi
9-Udarregi ikastola Egurtzegi-Txirikorda ondoko Aranerrekako zubia 
10-Elhuyar Aranerrekako zubia-Puntapax-Bordaberri-Errekatxiki-Kale Nagusia-Eliza
11-Usurbilgo Udala Eliza-Kale Nagusia-N634-Kaparoz
Aginaga  
12-NOAUA! Kultur Elkartea eta Ta Puntu N634: Kaparoz-Lasao
13-Usurbilgo EHBildu N634: Lasao-Galardiko gasolindegia
14-Aginagako herria N634: Galardiko gasolindegia-Mapil

 

Ordua Kilometroa Tokia
22:53:38 1365 Zubietako hipodromo etorbideko zubia
22:57:04 1366 Irigoien, 34 (Zubieta)
23:03:34 1367 Learritza pasealekua, 23 (Zubieta)
23:10:04 1368 Learritza pasealekua, 23 – Amiri (Zubieta)
23:16:34 1369 Santuenea, 37
23:23:04 1370 Belmonte, 1 (Kalezar)
23:29:34 1371 Puntapax, 24 (Artzabal)
23:36:04 1372 N-634- 4
23:42:34 1373 N.634-5
23:49:43 1374 Aginaga, 12
23:57:31 1375 N-634 KM- 8, Aginagako Mapil baserriaren aurrean (Hemen Oriok hartuko du lekukoa)