Martxoak 8

Martxoaren 8a begi-bistako arrastoa uzten ari da

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 8a, 14:57

Herri mailako hitzordu nagusiak ostiral arratsalde eta iluntze parterako iragarriak dauden arren, Martxoaren 8ari lotutako aitortza, oroimen eta aldarrikapen ekitaldi hainbat egiten ari dira azken orduotan eremu ezberdinetan.

Hala, esaterako, Sutegi udal liburutegiak euskal emakume idazleak oroitu eta azken urtean egindako ekarpena aitortu nahi izan du. Haien izenekin Euskal Herria irudikatu dute. Sortzaileon artean dira bi herrikide; Ixabel Agirresarobe eta Yolanda Arrieta.

Emakumeen ahalduntzean eragin dituenak omendu nahi izan ditu, bestalde, Usurbilgo Lanbide Eskolak. Bi erreferente nagusiak herriko bi emakume dituzue. Haien irudiak "zuetaz harro" zioten karteletan bildu eta haiekin, nahiz "gu ere Martxoak 8" zioten ohialekin, elkarretaratzea egin dute ikastetxe atarian.

Mobilizazioa egin dute baita, bestelako ekimenen artean, Udarregi ikastolan ere. Eraikin gorriko patioan M8 formako mosaiko ederra osatu dute.

Azkenik, Usurbilgo Udaletik Kafe Tertuliarekin eta Emakumeon Etxeko talde sustatzailearekin lankidetzan, 
arratsalde eta iluntze parterako ekimenetan parte hartzeko gonbita egin dute. "Borrokarako, elkartzeko eta ospatzeko gonbidapena egin nahi dizuegu. Zuen zain izango gara!", adierazi dute.