Ostiral iluntzean, Mikel Laboa plazak zuen itxura duzue ondoko irudietan. Martxoak 8 zituen atzo eta frontoi atzealdea mobilizatzeko eremua izan zen. Kafe Tertuliak, Usurbilgo Udalak eta Emakumeen Etxeko talde sustatzaileak deitutako elkarretaratze jendetsua egin zuten, "guk ez dugu sistema hau zainduko" aldarripean.
Bi zatitan desberdindu zuten hitzordua; lehenbizi, segidan duzuen adierazpena plazaratu zuten. Gero, Martxoaren 8 honetan kalera irteteko antolatzaileek bildutako arrazoi askotarikoak eman zituzten.
Adierazpenari dagokionean, zaintzaren gaia kokatu zuten erdigunean:
Adierazpena
Sei urte dira mugimendu feministak zaintzaren auzia agenda politikoaren erdigunean jarri zuela. 2018ko eta 2019ko grebetan, zaintzaren beharrak bultzatuta, bizitzak erdigunean jartzeko aldarrikapenak indarra hartu zuen, grebaren birformulazio bat ekarriz. 2020an, pandemiak zaintza lanak balioan jarri zituen eta zaintza krisia ikusgarri bilakatu zuen. Horrela, 2020ko konfinamendu erdian Bizitzak Erdigunean Koordinadora Feminista martxan jarri zen zaintzaren auziari heltzeko. Prozesu honek, zaintzaren auzia angelu desberdinetatik aztertu eta salatu du, zaintza sistemaren biktimak erdigunera ekartzea exijitu du, aldaketak eragiteko mahai zabal eta anitzak sortu ditu, azaroak 30eko Greba Orokor Feminista eraiki du eta herri akordioa osatu du.
Usurbildar feminista ugari atxikitu gara zaintza sistema iraultzeko borrokara eta argiki azaleratu ginen greba egunean. Herritarren aldetik lortutako parte hartze eta inplikazio mailari esker, zaintzaren auzia balorean jarri eta borroka indartu genuen. Horrela, aurtengo Martxoak 8 honetan, "guk ez dugula sistema hau zainduko” inoiz baino ozenago aldarrikatuko dugu! Eta batez ere, zaintza sistema publiko-komunitarioa eraikitzeko beharrezko urratsak ematen jarraituko dugu.
Azken urteetan M8ak hartu duen esanahiaren inguruan hausnartzeko beharra sentitu dugu. M8a ospatzeko beharrik ez dagoela entzutea geroz eta ohikoagoa bihurtzen ari da. Hezkuntza esparruan ikusi dugunez, geroz eta gazte gehiagorengandik entzuten da feminismoak jada ez duela borrokatzeko arrazoirik eta M8ak zentzua galdu duela. Urtetik urtera ildo hau elikatzen duten tresnak (sare sozialen algoritmoak, feminismo esteriotipikoak, berdintasun sentsazio batean hezi izanak, indibidualizazio edota isolatze sozialak, feminismo baztertzaileak...) kontraposiziotik eraikitako diskurtso hau indartu dutela ohartu gara.
Horregatik, aurtengoan, cisheteropatriarkatuagandik estrukturalki jasaten ditugun zapalkuntzak aztertu eta balioan jartzeko deia egin genuen. Eta batez ere, borroka feminista zapalkuntza horiek eragindako gaizkiegona kolektibizatzeko herraminta seguru eta baliagarria izatea nahi dugula azpimarratu genuen. Martxoak 8 honi guztion artean esanahia emateko, herritar feministei beren hausnarketa, bizipen zein desira desberdinak adierazteko deia egin genien. Honela, galdetegi baten bidez jasotako erantzunez josi ditugu kaleak guztion aldarriak plazaratzeko asmotan. Eta orain ere, elkarteratzea baliatuko dugu, gaurkoan kalera ateratzeko ditugun elkarren arrazoiak ezagutzeko.