Martxoaren 8an zer azaleratu nahi zuten, zergatik edota zertarako atera nahi zuten kalera, Emakumeen Egunean zer ikusi nahi luketen eta egun horren osteari buruz duten ikuspegia. Hizpideon bueltan, Kafe Tertuliak, Usurbilgo Udalak eta Emakumeen Etxeko talde sustatzaileak galdetegi bidez hainbat ekarpen jaso dituzte azken aldian eta jasotakoa plazaratzeko baliatu zuten ostiral iluntzean, Mikel Laboa plazan egindako mobilizazioa.
"Martxoak 8 honi guztion artean esanahia emateko, herritar feministei beren hausnarketa, bizipen zein desira desberdinak adierazteko deia egin genien", azaldu zuten deitzaileek elkarretaratzean zehar. Aipatu moduan, bildutakoa plazaratu zuten. Segidan dituzuen ekarpenok karteletan bildu eta "jasotako erantzunez josi ditugu kaleak guztion aldarriak plazaratzeko asmotan".
Elkarretaratzean partekatu zituzten hausnarketak dituzue segidan. Martxoaren 8a borroka egun gisa aldarrikatzen ezinbestekotzat jotzen dute bertan. Zaintza erdigunean jarri nahi dute, gizonezkoei borroka horretara batzeko deia egin. Oraindik heldu ez garen berdintasunaz mintzo dira baita Usurbilgo emakumeak; ahalduntzeaz, emakumeen batasunaz, askotariko emakumeez.
Martxoaren 8aren ondotik, geroaz ere mintzo dira Usurbilgo emakumeok.
Lekukotzak
Zer mahaigaineratu:
“Martxoak 8a borroka egun historiko bat dela eta borroka egun izaten jarraitu behar duela mahaigaineratu nahi dut. Gaur egun feminismo ezberdinak dauden arren, feministon borrokak emakumeon eskubide, ongizate, indarkeria eza, aukera berdintasun eta askatasuna izan behar dute ipar. Horretan jarraitu behar dugu, oraindik asko dugulako lortzeko benetan pareko izateko. Egun honek balio dezala norberak emakume bezala edo sexu identitate disidente moduan bizitzen dugunaz hausnartzeko, eta kalera zergatik atera nahi dugun gogoratzeko. Ez gaitzala feminismoaren aurkako diskurtso sutilak nahastu. Feminismoa ez da urrutiegi joaten ari. Feministok ez gara pasatzen ari. Arrazoi gehiegi izaten jarraitzen dugu, zoritxarrez, borrokan eta kontzientziak astintzen jarraitzeko, hezkuntza eta militantziatik eraikitzeko, instituzio publikoei exijitzeko. Komunitatean elkar zaintzeko eta zapalkuntzak kolektibizatzeko. Elkar babestuz eta elkarrekin saretuz aldaketak lortu daitezkeela ez ahazteko. Jada lortu diren aurrerapauso guztiak oroitzeko. Eredu izateko. Eta hau guztia gure egunerokotasunera eramateko"
“Martxoak 8 honetan, zaintzaren auziaren gainean ematen ari garen pausuak mahaigaineratu eta balorean jarri nahi ditut”
“Martxoaren 8 honetan gizonezkoei ere dei egin nahi diet: esnatu behingoz eta betaurreko moreak jantzi!"
“Martxoaren 8 honetan berdintasunaren auzia jarri nahi dut mahai gainean; arraza, erlijio edo lehentasun sexualen desberdintasunik gabe"
Zergatik/zertarako aterako naizen:
“Martxoaren 8 honetan kalera irtengo nahiz nere ahotsa eta herriko emakume guztien ahotsa entzun dadin"
“Egunean zortzi orduz lanean zaintzen dihardut, gero beste bi orduz gurasoak zaintzen ditut eta ni nork zaintzen nau?"
"Kalera irtengo naiz emakumeek eta ama ezkongabeek jakin dezaten laguntza eta babesa behar dutela haien bizimoduak hobetzeko. Errespetua eta justizia eskatuko dut indarkeria sexista jasan duten gazteentzat"
“Esango nuke ustezko berdintasun testuinguru batean hazi izan garela. Ondorioz, zenbaitek sentitu dute Martxoaren 8a ez dela garrantzitsua, berdintasuna lortuta dagoelakoan. Baina ez da egia, eta desberdintasun hori ez ohartaraztea deserosoa da batzuentzat. Eskubide berdintasuna eskatzea, batzuentzat, "gehiegi eskatzea" da. Alegia, politago gaudela isilik eta etxean sartuta. Horregatik guztiagatik, behar-beharrezkoa da, oraindik ere, Martxoaren 8an kalera ateratzea”
Martxoak 8 honetan ikusi, sentitu:
“Martxoak 8 honetan, urtean zeharreko jardunean parte hartzeko aukera edo gogoa ez dutenak, borroka feministan beren espazioa dutela ikustea eta aldarrikatzeko herraminta baliagarria zaiela sentitzea gustatuko litzaidake"
“Emakumeak ahaldunduta ikustea nahiko nuke, askatasunean egin beharko luketena egiten beldurrik gabe: esaterako, goizaldeko ordubatean txakurra paseatzera irtetea ezer egingo diguten beldurrik gabe, inor gutaz baliatu gabe eta bortxatu gabe mozkortu ahal izatea, minigona jantzita kalera atera ahal izatea gure janzkeragatik epaituak izan gabe... Hau guztia eta mila gauza gehiago ikusi eta sentitu nahi nituzke egun honetan!"
"Martxoaren 8 honetan, asko eta askotarikoak garela ikustea nahiko nuke, egiten ari garen ekarpenak, molestatzen, eragozten eta eraldatzen ari garen guztiaren indarra sentitzea"
“Emakume* guztiak (adin, arraza, klase...) kalera atera eta haserre gaudela aldarrikatzea”
“Martxoaren 8 honetan gustatuko litzaidake herriko emakumeen batasuna eta integrazioa sentitzea"
"Herriko jende agurea ondoan ikusi nahi nuke. Ez bakarrik emakumeak”
Martxoak 8aren ondoren:
“Martxoaren 8aren ondoren, herrian edo bakoitzak hautatzen dituen esparruetan, ekintzaile feminista izaten jarraitzea nahi nuke. Eta geure burua pixkanaka era askeagoan bizitzen joatea”
“Martxoaren 8aren ondoren, egun horrek zeresana izatea nahi nuke, lantokian, etxean, kalean, herri mailan hausnarketa egiteko”
“Martxoaren 8aren ondoren, egunean bertan sortutako giro seguru horretan jarraitzea, elkarren arteko konfidantzari eustea, gure artean zaintzea”
“Martxoaren 8aren ondoren, eguneroko borrokan gogotsuago senti gaitezen nahi dut"
"Emakumeok indartzeko eta batzeko balio diezagula"
"Mugimendu indartsuagoa egotea"
"Emakumeen Etxetik herrigintza feminista sustatu eta parte hartzea handitzea"
"Emakumeok gure lekua hartzea munduan"