Martxoak 8

Emakumeen Etxearen irekierara begira

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 9a, 11:35

Martxoaren 8a mobilizatzeko soilik ez, biltzeko ere baliatu dute Usurbilgo jatorri, adin eta eremu askotariko emakumeek. Irudiotan ikus dezakezuen moduan, Potxoenean elkartu ziren ostiral arratsaldean, Mikel Laboa plazan egindako elkarretaratze jendetsuaren aurretik.

Hizpide nagusi bat izan zuten ahotan; datorren martxoaren 23an irekiko duten Usurbilgo Emakumeon Etxea. Inauguraziora begirako bigarren asanblada egin zuten atzokoan.

Bilkurako deitzaileek aurrez iragarri moduan, "helburua izango da Emakumeon Etxearen funtzionamendua zein izango den gogoraraztea, osatzen ari diren programazioa partekatzea eta ideia berriak jasotzea, eta, azkenik, martxoaren 23ko irekiera prestatzea".

Atzerapena
Aurreikusi baino urtebete beranduago irekiko dute Emakumeen Etxearen egoitza. Berriki, Usurbilgo Udalak azaldu zuenez, "Pelaioenea barrutik eraikitzeko lizitazioa Indenort enpresak eskuratu zuen, eta 2022ko urrian hasi zen lanean. Udalak 585.000 euroan lizitatu zuen obra hori, eta lanak sei hilabetetan egingo zituela adierazi zuen enpresak: 2023ko udaberrirako amaituta behar zuen obra 2024ko martxoan entregatuko dute, azkenean. Udalak enpresari jakinarazia dio dena amaitutakoan isuna jarriko diola".

Gogoan izan, Kalezarko Pelaioenean kokatuko da Usurbilgo Emakumeen Etxea. Bertan kokatuko du Udalak baita Berdintasun Sailaren egoitza, eta, beraz, "han eskainiko dira, baita ere, sail horrek antolatutako ikastaro, zerbitzu eta bestelako ekitaldiak ere. Ondo bidean, Aste Santuen ostean izango da hori", Udaletik iragarri dutenez. Gunea, kalezartarrentzako izango den udal ekipamenduarekin partekatuko dute.

Lau urteko bidea
Eraikina barrutik edukiz hornitzeko, bi egitasmo hauek (Emakumeen Etxea eta kalezartarrentzako udal ekipamendua) diseinatzeko parte hartze prozesua egin zuten 2020-21 ikasturtean zehar, erabilera eta funtzionamenduari lotutako ezaugarriak adosteko. Elhuyarrek egin zituen dinamizazio lanak. Pelaioeneko obrak amaitzear, "berriz elkartu dira, orduan hitz egindakoak gogorarazi eta xehetasunak adostuta uzteko". 

Martxoaren 23an, eguerdian izango da Pelaioeneko irekiera ekitaldia.