Badator, ostegunean abiatuko da 23. Korrika Irunetik. Gogoan izan, hilaren 19an helduko da geure artera, gauez.
Euskararen aldeko datorren lasterketan lekukoa hartuko dutenen artean izango da Udarregi ikastola. Erosia duten kilometroa ordaintzeko eta diru ekarpen horren bidez AEK laguntzeko azoka solidarioa antolatu dute LH6. mailako ikasleek datorren asterako Agerialdeko patioan. "Egoera onean dauden jostailuak, janaria, liburuak eta eskuz egindako gauzak egongo dira salgai", iragarri diote ekimen honen sustatzaileek NOAUA!ri; tartean, baita Korrikarako petoak ere.
Ohartarazi dutenez, erositako jakiak (glutendun eta gabeko gozogintza, patata tortila...) etxera eraman nahi izanez gero, salmenta postura taperrarekin joateko deia egin dute. Elikagaiok ikasleek etxetik eginda eramango dituzte elkartasun postu honetara.
Laguntza AEK-ra
Hitzorduaren xehetasun eta helburuak azaltzeko ondoko argazkikoa bezalako kartelak sortu dituzte. Euskarri des- berdinetan ari dira iragartzen ekimena; ez soilik NOAUA! bidez, baita ikastolako informazio buletinean, jolasgaraiko megafono bidez ere iragarriko dute. Kartelak jarriko dituzte, bestalde, udal azpiegitura hainbatetan; hala nola, Oiardo kiroldegian, Gaztelekuan edota Sutegin.
Azoka solidario horretan bildutako laguntza, aipatu moduan, AEK-ri bideratuko diote, Udarregi ikastolak erositako kilometroaren bidez. Horrekin batera, ikastola bitan irtengo da hilaren 19an euskararen alde. Bazkalostean, Korrika Txikia ospatuko dute eta gauean, 23. Korrikan lekukoa eramango dute. Argazkiko protagonistek parte hartu zuten duela bi urteko 22. edizioan. Oroitzapen ederra dute orduko hartaz. Ikasleok lekukoa eramateko ohorea izan zuten. Zirrara handiko une hau berrituko dute laster, guztiok bezala.
Ekimen gehiago
Etumeta AEK euskaltegiak jakinarazi du ibilbide zehatza eta lekukoa nortzuk eta nondik nora eramango duten. Horrekin batera, lasterketa datorrenez, AEKren ekimena girotzeko osatu duten egitarau zabala ere plazaratu du. Ekimen gehienak, hilaren 19an bertan izango dira bai Kaxkoan, baita Aginagan eta Zubietan ere; Korrika Eguna iragarri dute eragile hainbat lankidetzan jarri dituen ekimenak. Ez da faltako jan-edanik edota lasterketa aurreko beroketa ariketarik ere. Musikaz edo bertsoz girotuko dira gainera.
Halere, eguna ikastetxeek emango diete hasiera, haien Korrika Txikiekin. Korrika Egunaren aurretik eta ondoren ere ez da ekimenik faltako. Honatx antolatzaileek NOAUA!ri helarazitako egitaraua:
23. Korrika Kulturala Usurbilen
Martxoak 11-15, astelehenetik ostiralera
16:15-16:45 AEK laguntzeko azoka solidarioa Agerialdeko patioan.
Antolatzaileak: Udarregi ikastolako LH 6. mailako ikasleak.
Martxoak 13, asteazkena
18:00 Bertso tailerra Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean.
Ondoren, pintxoak eta sagardoa.
Martxoak 16, larunbata
18:30 "Bizkarsoro" filmaren proiekzioa Zubietako Kaxkapen.
Martxoak 19, asteartea
14:30 Korrika Txikiak Zubietan, Aginagan eta Usurbilen.
Kaxkoan:
17:00 Familia plana Zirimarak antolatua.
18:30 Txokolatada.
19:30 Bertso saioa, bertso eskolakoen eskutik.
20:00 Atari irekia Aitzagan. Txartelak 12 eurotan Aitzagan.
20:30 Gazte-ilunabarra Aztarrika Gazte Asanbladakoen eskutik.
Zubietan:
20:30 Afaria:
-Bokadiloak: patata tortila, xolomoa (gazta edo piperrekin).
-Edaria, postrea eta kafea.
-Prezioa: 6 euro.
Aginagan:
20:30 Afaria: patata tortila, txorizo egosia eta sagardoa.
21:00 Dja girotzeko eta karaokea.
23:10 Korrikarako prestatuko gara.
Martxoak 21, osteguna
18:00 Kultur ibilbidea Usurbilen barrena, Etumeta AEK euskaltegi paretik abiatuta: musika, abeslariak, erraldoiak...