Albiste honi atxikia duzuen bideoa argitaratu du Usurbil 1936 elkarteak. "Andatza mendian 2022 eta 2023ko udan buruturiko 1936ko gerrako lubakien berreskurapen arkeologikoa" hizpide izan eta iruditan biltzen duen ikus-entzunezkoa ekoitzi du Usurbilgo oroimen historikoa lantzen diharduen herri bilguneak.
Bertan lanean jardundakoen lekukotzak ere jasotzen ditu, "Andatzako lubakiak 1936-2024" izenburupean grabaturiko ikus-entzunezkoak.
Usurbil 1936 elkarteko kideetako baten esanetan, horixe izan da hain zuzen bilgunea osatu zutenetik eskuartean izan duten lan-ildoetako bat; lubakiak berreskuratzea alegia. Lehenbizi, eremuon inguruko informazioa bildu zuten, lekukotzekin batera. Jasotako datuekin "Andatzara joan ginen lubakien bila". Arkeologo talde baten laguntzaz egiaztatu ahal izan zituzten lubakiok zeintzuk ziren. Baieztapenaren ondotik, indusketa lanei ekin zieten duela bi urte. Bertatik "material ugari atera da", diote bideoan Usurbil 1936 elkarteko ordezkariek.
Ikasgaia
Indusketa lanetan parte hartu zuten hainbat bolondres herrikideek, udal taldeek edota teknikari talde batek. Haien lekukotzak bildu ditu Usurbilgo oroimen historikoa berreskuratzen ari den elkarteak ikus-entzunezko honetan. Haien ahotan, lubakiak berreskuratzeko egitasmo honetan parte hartzeak ikasgai moduan egin dien ekarpena nabarmendu dute. Garrantzitsutzat jotzen dute ezkutuan zen iragana azaleratzea, arbasoen historia berreraiki ahal izatea eta egungo nahiz datozen belaunaldiei transmititu ahal izatea.