"Haur eskolako eraikinari heltzeko unea iritsi da"

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 11a, 11:01

Haur Eskolari buruz iragan astean Sutegin eginiko informazio bileran udal gobernu taldeak iragarri zuenez, Haur Eskolako eraikina eraberritzera doaz.

Azken aldian, berri eman zutenez, "proiektua definitu nahi izan dugu eta orain, eraikina berritzera goaz". Eskuhartzea faseka egingo dute, "zerbitzua eten gabe" alegia eta "Eguneko Zentroa lekuz aldatu ostean". Zehaztu zutenez, gainera, lehenbizi 0-1 etapa izango dute lehentasun. Eraberritze lanotarako 300.000 euro gorde dituzte 2024ko udal aurrekontuetan. "Eraikinari IT azterketa ere egingo diote, kanpo-elementuak nola dauden aztertzeko", iragarri dute udal gobernu taldetik. 

Horrez gain, gogoan dute baita Haur Eskolara igotzeko dagoen aldaparen egoera. Sutegiko bileran iragarri zutenez, "Ugartondoko obrak amaitu zain gara, aldapa konpontzeko". Lizitazioa kaleratzear dutela aurreratu zuten. 

Haur Eskolak berritzeko beharra du, eta horretaz ez direla orain jabetu nabarmendu zuten iragan asteko Sutegiko bileran. "Guk ere eraman ditugu haurrak Haur Eskolara. Jakitun gara, Haur Eskolak dituen gabeziez eta arazoez". Guraso talde batek, besteak beste, NOAUA! bidez partekaturiko kezkekin bat egiten dutela adierazi zuten. 2023tik horretan lanean dabiltzala berri eman zuten, baina doakotasunaren gaiari lotuta iaz izandako geraterek eragindako "ziurgabetasunak hau dena geldiarazi zuen". Udal gobernu taldetik azaldu zutenez, "izatez, eraikina berritzeko bi aurrekontu zeuzkan udalak iazko urtarrilerako, 15.000 euroko partida batez gain, baina Partzuergoko haur eskolen doakotasunaren iragarpenak eta EAEko Hezkuntza Lege berriaren negoziazio testuinguruak eraikinaren auzia gelditzea ekarri zuen, ziurgabetasun giroa sortuz. Horren ordez, doakotasunerako bidean urratsak egiten hasteko lanei ekin zien udalak".

Kokagunea
Haur Eskolako guraso talde batek egungo eraikina Udarregi ikastolako gainerako eraikinetara hurbiltzeko eginiko eskaerari ere erantzun nahi izan zioten udal gobernu taldetik. 

Ildo horretan, penaz hartu dituzte gogoetok haiekin bilera bidez partekatu ordez, hedabideen bidez "izatea horren berri". Eskaerak guztiak jo zituzten zilegitzat, baina udal gobernu taldetik, Haur Eskola egungo kokagunean mantentzearen aldekoak direla berretsi zuten Sutegiko bileran. Hori horrela izatea babesten dute EHBilduko udal ordezkariek, batetik, "zerbitzuak deszentralizatzearen" aldekoak direlako. "Helburua, zerbitzuak auzoetara zabaltzea da" eta ondorioz, herritar gehiagoren eskura jartzea. Udal gobernu taldetik adierazi zutenez, herri erdigunean dago Haur Eskola eta are nabarmenagoa izango da etorkizunean. Izan ere, "Usurbil ipar-ekialdiera haziko da", udal zerbitzu honek duen kokagunerantz. 

Horrez gain, Haur Eskolaren ingurunearen eraldaketaz ohartarazi zuten. Gogoan izan, bere parean, iragan uztailean ireki zuten Egurtzegi zaintzadun etxebizitzen auzunea. Martxoaren 23an irekiko dute, bestalde, handik hurbil, Usurbilgo Emakumeen Etxea eta kalezartarren udal ekipamendua bateratuko dituen Pelaioenea berritua. Azkenik, Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa ere irekitzear dute. Haur Eskolarekin batera, lau egitasmoon arteko sinergiak batzearen aldeko asmoa agertu dute udal gobernu taldetik, interesgarritzat jotzen dute, "mugikortasun aktiboa eta belaunaldi artekotasuna sustatzeko".