Haur eskola "herritik kudeatuko da"

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 11a, 11:02

Udal titulartasunekoa izaten segiko du 0-3 zikloa bere baitan hartzen duen Usurbilgo haur eskolak. Hala jakinarazi zuen Usurbilgo udal gobernu taldeak iragan astean Sutegin antolaturiko informazio bileran, Eusko Jaurlaritzak iragarritako haur eskolen doakotasunetik at utzi ostean Usurbilgoa eta horren harira, Udalak egindako hausnarketa prozesuaren ondotik. 

Udal titulartasunekoa izaten segiko du Usurbilgo haur eskolak, 0-3 ziklo osoa hartzen segiko du bere baitan eta "herritik kudeatuko da", iragarri zuen udal gobernu taldeak gai honi buruz iragan astean Sutegin antolatu zuen informazio bileran.

Iaz, Eusko Jaurlaritzak Partzuergoko haur eskolen doakotasuna iragarri eta Usurbilgoa nahiz udal titulartasuneko beste hamabi haur eskola doakotasun horretatik at utzi ostean egindako hausnarketa prozesuan hartutako erabakia izan da honako hau. "Haur eskolan 22 urteotan landu den proiektu pedagogikoa eta egindako ibilbidea" aintzat hartu dituzte.

Eusko Jaurlaritzak ezarritako testuinguru berri hau baliatu nahi izan dute hilabeteotan bideratu duten hausnarketa prozesua udal gobernu taldetik, gai honi lotutako "erpin guztiei batera" heltzeko, helburu argi batekin; kalitatezko haur eskola izaten segitzeko, doakotasunerantz ekindako bidean "atzera ez egiteko", eta era berean baita, "ekonomikoki jasangarria izango den zerbitzua izateko". 


Bost urterako

Honenbestez, lizitazio bidez kudeatuko du haur eskola Usurbilgo Udalak. Egun indarrean den lizitazio kontratua 2021ean sinatu zuten hiru urterako (beste bi urtez luzagarria). Hiru urteko epealdia, datorren irailean 1ean amaituko da. 

Lizitazio berria, aldiz, bost urtekoa izango da, toperaino luzatzea erabaki du udal gobernu taldeak. Iraupenarekin batera, iragarri zutenez, "emakida kontratutik zerbitzu kontratu izatera" igaroko da esleipen deialdi berria. "Oso aldaketa esanguratsua", Usurbilgo EHBilduren esanetan. Izan ere, "arriskuak Udalak bere gain hartzen ditu, ez lizitatzaileak". Bada beste aldaketarik ere; "kuotak udaletik kobratuko dira" aurrerantzean.

Lizitazio deialdi berri honen oinarriak, laster, iragarri zutenez, apirilaren 11rako deituko duten ezohiko osoko bilkuran onartu asmo dituzte, "irailerako prest egoteko". Deialdiaren dimentsioaz ohartarazteko datu argigarri bat eman zuten udal gobernu taldetik pasa den astean Sutegin; "Europara zabaldutakoa" izango da. "Horrekin batera, araudi bat ere ezarri dute, plaza kopurua, ratioak, zerbitzuaren ordutegia, kuoten zenbatekoa, matrikulazioa eta gobernantza-lankidetza markoa ezartzeko", ohartarazi dute Udaletik.


Doakotasunerantz
Araudiari begira, esleipen deialdi berriaren zenbait ezaugarri aurreratu zituzten. Esaterako, plaza kopurua mugatzea erabaki du udal gobernu taldeak. Gehienez 92 haurrentzako lekua egongo da haur eskolan (12 0-1 etapan: 26 1-2 etapan; 54 2-3 etapan). Besteak beste, erabaki hau hartzeko jaiotze-tasaren bilakaera hartu dute aintzakotzat. 

"Lehen bezala, udalaren ekarpen ekonomikoa matrikulatutako haur kopuruaren araberakoa izango da, eta bere kalkuluen arabera, 216.000€ eta 268.000€ arteko ekarpena egitea egokituko zaio", gaineratu dute Udaletik. Lanaldiaren arabera, 40 edo 60 euroko kuota ordaindu beharko dute gurasoek. Kuota horretatik kanpo geratuko da jangela zerbitzua, lizitatzaileek bermatu beharko dute; "117 euro bazkariagatik eta 20 euro meriendagatik, gehienez ere". Bistan denez, haur eskola lehen baino merkeagoa bai baina ez da erabat doakoa izango. Udalak gaurkoz ezin du halakorik eskaini, baina familien errenta oztopoa izan ez eta guztien sarbidea bermatze aldera, familiaren errentaren arabera, duela hiru urtetik aplikatzen ari diren %50-90 arteko hobariak jaso daitezkeela gogorarazi zuten.

Datorren ikasturtera begira, ohi bezala, apirilean irekiko da 2024-25 ikasturterako matrikulazio epea haur eskolan. 


"Erabaki hura hasieratik salatu izan dugu"
Aipatu moduan, udal gobernu taldeak neurri guztiok Eusko Jaurlaritzak iaz hartutako erabakiaren ondotik datoz. Duela urtebete Partzuergoko haur eskolak doakoak izango zirela iragarri zuen Hezkuntza Sailak, ikasturte honetatik bertatik aurrera. Denak, udal titulartasunekoak, tartean, Usurbilgoa, izan ezik. "Erabaki hura hasieratik salatu izan dugu", gogorarazi zuten iragan asteko Sutegiko bileran. Izan ere, EHBilduko udal ordezkarien esanetan, "Jaurlaritzak erabakitako doakotasun unibertsaletik baztertzen gaitu" eta horrek, ondorioz, "inguruko herriekiko diskriminazio egoerak" sortzea dakar, "guraso eta herrikideen artean".

Erabaki hura salatzearekin batera, kezkaz hartu zuten, "Ikastolatik ere ezinegona adierazten zaigu", oroitu zuen Sutegin udal gobernu taldeak, besteak beste, zerbitzu honen beharra zutenek "inguruko haur eskoletara joateko beldurra". 

Informazio eta bilera eske ate joka hasi zirela oroitu zuten udal gobernu taldetik, tartean noski, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarena. Baina ohartarazi zutenez, "ez da inoiz zabaldu". Testuinguru berriarekin ziurgabetasuna nagusitu zela gogorarazi zuten. 


%62 udalaren gain
Ordura arte, hiru finantziazio iturri zituen Usurbilgo Haur Eskolak: erdira heltzen ez zen Eusko Jaurlaritzarena, familiek hileroko kuoten bidez eginiko %33ko ekarpena, eta, azkenik, Udaletik bideraturiko %17,5eko finantziazioa. Konponbiderik bazuen auziak udal gobernu taldearen esanetan; Eusko Jaurlaritzatik "aurrekontua bikoiztu izan balute, arazoa konponduta" egongo zen. Irailean, EHBilduk sustaturiko akordio politikoa erdietsi zuten Eusko Legebiltzarrean; horren bidez, udal titulartasuneko haur eskolak doakoak izateko konpromisoa hartu zuten. Baina gaurkoz, ez da egikaritu. 

Egoeraren salaketa udal gobernu taldeak osoko bilkurara ere eraman zuen iazko martxoan. Apirilean ireki zuten urtero moduan, aurtengo ikasturterako matrikulazio epea. Une horretan, behin-behinean, eta urtebeterako Haur Eskolako kuoten %62a Udalak bere gain hartzea erabaki zuen eta hala eman zuen jakitera hilabete hartan bertan, Sutegin eginiko bileran.

Hala, aurtengo ikasturtean, iazkoan baino 120.000 euro gehiago bideratu ditu Udalak Haur Eskolara, guztira 200.000 euro. Erabaki hark zenbait aldaketa bideratu beharra ekarri zuela oroitu zuten. Batetik, ordenantza fiskalak egokitu beharra eta hala egin zuten, eta baita lizitazio berri bat landu beharra. Tarte horretan, haur eskolaren etorkizunari heltzeko hausnarketa prozesu bat ere bideratu nahi zuten. Urte amaierarako erabaki bat hartzeko asmoa agertu zuten, baina "ez dugu hitza bete" zioten Sutegiko bileran. Hilabete honetara arte atzeratu dute erabakiaren jakinarazpena; baina denbora tarte honetan, "ez gara geldirik egon". 

Prozesu honetan Udarregi ikastolarekin eta eragile edota norbanako gehiagorekin hartuemanetan izan direla berri eman zuten, ekarpenak biltzen aritu direla baina ohartarazi zuenez, "bizi-bizi dagoen proiektua da, ontzen jarraitzea da helburua". 


Partzuergoaren bidea, baztertua
Hilabeteotan hainbat bide jorratzea aztertzen aritu dira; horietako bat, Haur Eskola Partzuergoan sartzea. Baina aukera hau baztertu behar izan dute. Izan ere, ez zuten bermerik urrats hori emanez gero, lan taldeari eutsiko zioten eta udal gobernu taldearentzat, "marra gorriak" bazituzten bide honetan; horiek haur eskolako langileak ziren hain zuzen. Horrez gain, Udalak instalazioak jarri eta mantenu kostuak bere gain hartu beharko zituen.