Treba Gurasoak egitasmoko hurrengo saioa ostegunean

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 12a, 10:17

“Pornografia gaur egungo sexu-heziketa ote?" hitzaldia antolatu dute martxoaren 14rako. Gonbidapenak eskuragarri dituzue usurbilkultura.eus plataforman.

“Haur eta nerabeen emozioen bidelagun: nola zaindu seme-alaben emozioak” otsailaren 22ko Potxoeneko saioaren ondotik, haurren eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzeko gurasoak hezkuntza-gaitasunetan trebatzea xede duen Treba gurasoak egitasmoaren baitako beste bi saio iragarri dituzte asteotarako:

Martxoak 14, osteguna
17:30
Eider Goibururen hitzaldia: “Pornografia gaur egungo sexu-heziketa ote?".
Zehaztasunak:Hitzaldi honen bidez pornografiak nerabeen sexualitatean izan dezakeen eragina aztertu eta familiek nerabeen sexu-heziketan duten funtzioa indartu nahi da.
Hauek dira, besteak beste, hitzaldiaren helburuak:
gaur egungo eredu pornografikoa aztertzea, nerabeen hezkuntza-prozesuan sexualitate aske eta
osasuntsu baterako gakoak eskaintzea, gurasoak sexualitate-eremuko heziketa- lanetan ahalduntzea eta familiek dituzten bizipen, kezka, galdera, eta abarrak beste familiekin partekatzeko espazio bat sortzea”.

Martxoak 21, osteguna
18:00
Leyre Canoren hitzaldia: “Komunikazioa familian. Guraso eta seme-alaben arteko harremanak eta komunikazioa hobetzen”.
Zehaztasunak: hitzaldiak, besteak beste, helburu hauek ditu: Komunikazio enpatikoa eta asertibitatea zer diren eta
zertarako balio duten ulertu, haurrek entzun dezaten, nola hitz egiten ikasi eta haurrek hitz egin
edo sentitzen dutena partekatu dezaten entzuteko
moduaren kalitatea areagotu, hitzezkoa ez den komunikazioaren kontzientzia hartu, emozioak eta beharrak identifikatzeko trebatu, baliabide praktikoak ezagutu eta egunerokoan sortzen diren egoerak landu”.

Nori zuzendua: haur eta nerabeen gurasoentzat.
Izen-ematea: doan, usurbilkultura.eus plataforman.
Oharra: plaza-kopurua mugatua izango da.
Antolatzaileak: Gaztelekua, Hitz Aho Guraso Elkartea, Usurbilgo Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia.




"Guraso izateari dagokion ezagutza lurralde osoan transmititzeko"
Haurren eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzeko gurasoak hezkuntza-gaitasunetan trebatzea xede duen Treba Gurasoak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren prestakuntza-ekimena Usurbila heldu zen otsailean, Gaztelekuaren, Hitz Aho Udarregi ikastolako guraso elkartearen, Udalaren eta Aldundiaren eskutik. Lehenengo saioan, “haur eta nerabeen emozioen bidelagun: nola zaindu seme-alaben emozioak” izan zuten hizpide nagusi. "Hitzaldi honen bitartez, seme-alaben emozioak kudeatzeko eta zaintzeko kontuan izan beharrekoa landuko dugu, horrela, familiaren osasun emozionala zaintzeko tresna sinple eta eraginkorrak eskuratuz". Teoria eta praktika uztartuko dituen hitzaldiaren bidez, helburuok bete nahi dira: "besteak beste adimen emozionalari buruzko ezagutzak eskuratzea, emozioak zer diren jakitea, emozioak kudeatzen ikastea, haurrei beren emozioetan laguntzeko tresnak eskuratzea...". 

Treba gurasoak egitasmoa, Aldundiaren esanetan, "tresna arina eta eraginkorra izan nahi du, hainbat eragileren lankidetzaren bidez, guraso izateari dagokion ezagutza lurralde osoan transmititzeko. Hazieraren eremu hori hain aldakorra izanik, gainera, bizia eta malgua izan nahi du, unean uneko errealitatera eta eskaerara egokitu ahal izateko".

Hamaika gai
Ikasturte honetan martxan dagoena proiektu honen hirugarren edizioa da. Iaz, 103 hitzaldi eta tailer antolatu zituzten Gipuzkoako 48 udalerrietan, tokian tokiko udal, guraso elkarte eta eragile gehiagorekin lankidetzan. "Guztira, 2.493 gurasok hartu zuten parte, eta beren batez besteko balorazioa oso ona izan zen, 9,20koa hain zuzen ere", Foru Aldundiaren esanetan. Halere, parte hartzaileek iaz eginiko ekarpenetatik aldaketak txertatu dituzte aurtengoan. Izan ere, "950 gai-proposamen inguru" egin dituzte gurasook eta hauek ere kontuan hartu ditu Aldundiak. 

Gai-zerrenda honetan daude, aurtengoan Gipuzkoako udalerrietako hitzaldietan ahotan hartuko diren honako hauek: sexualitatea, adimen emozionala, jokabide-menpekotasunak, pantailen erabilera, berdintasuna, osasun mentala, bullying egoerak, familiako gatazkak, harreman sanoak, substantzien kontsumoa, komunikazioa familian, pornografia, arauak eta mugak, autoestimua, lehen sorospenak...

Usurbilen ere egin ziren saiook iaz; "familiako gatazkak eta estresa kudeatzeko pilulak" eta "arauak eta mugak familian. Nola ezarri era asertibo batean" izeneko saioak egin ziren Potxoenean.