Ikusmina eragin du Bera Bera taldekoen prestaketa saioak

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 12a, 20:52

Bera Bera emakumezkoen eskubaloi taldearen entrenamendu saioa ikusteko aukera izan dute astearte iluntze honetan Oiardo kiroldegiko pistara joan direnek.

Gutxitan izaten da halako aukerarik eta aukera hori gaurkoan suertatu da. Azken orduotan Usurbil Kirol Elkartetik eginiko gonbitarekin bat eginez, hainbat herrikide joan dira astearte iluntze honetan Oiardo kiroldegiko pistara. Izan ere, ezohiko bisitariak izan dituzte gaurkoan; Bera Bera emakumezkoen taldeko kideak. Prestaketa saio irekia egin dute eta modu horretan, taldearen dinamika hurbiletik ezagutzeko aukera paregabea izan dute kiroldegira joandakoek. Haientzako gradak jarri dituzte, eroso asko segi zezaten saioa. Ariketa ezberdinak egitearekin batera, haien arteko partida jokatu dute entrenamendua borobildu aurretik. Amaieran, albiste honi ateratako talde argazkia atera dute.

Bi herrikide
Bera Berako bi kiderentzat etxera itzultzea izan da gaurko entrenamendu saioa. Izan ere, ondoko irudiotan ikus dezakezuen moduan, jokalarietako bat Kalezarko Esther Arrojeria da. 2012ko urrian debutatu zuen Arrojeriak. 11 urte pasatxo egin ditu ohorezko mailan. Taldeko bigarren entrenatzailea, bestalde, Jon Begiristain urdaiagatarra da. Bere lehenengo denboraldia du Bera Beran. 

Hainbat garaipen erdietsi ditu taldeak urteotan. Iaz, esaterako, Superkopa eta Kopako tituluak. Aurtengoan, maiatzaren 10etik 12ra Donostiako Illunben jokatuko den Erreginaren Kopako azken faserako sailkatu da Bera Bera.