Salbatore eliza kulturgune bilakatu du Zumarte Musika Eskolaren 20. Soinurbil Musika Asteak egunotan. Gaurkoan, kantu-piano errezitaldi eder askoa eskaini dute Alaitz Artolak eta herrikide nahiz musika eskolako irakasle Jon Imanol Etxabek. Estreinakoz eskaini dute emanaldia udalerri honetan, elizara joandakoen entzumenaren gozagarri.
Antolatzaileek eta bi artistek gogorarazi moduan, "Euskal Herriko goi- mailako musika ikastegian, Musikenen, ezagutu zuten elkar, eta, geroztik, proiektu askotan aritu dira batera. Gaur egun, Getariako musika eskolako irakasle da Alaitz, eta, Jon Imanol, berriz, Zumarte Musika Eskolako kantu eta abesbatzako irakaslea. Errezitalak bi atal izango ditu: lehengoan, oratorioa eta abesti lirikoak eskainiko dituzte, Mendelssohn, Schubert, Ravel, Vaughan Williams eta Escuderoren obrekin, besteak beste. Bigarrenean, baritonoen errepertorioko opera eta zarzuela ezagunenak interpretatuko dituzte (Puccini, Donizetti, Moreno- Torroba, Guerrero...)".
Organoa ezagutzen
Astelehenean, bestalde, elizako organoa ezagutzeko bi bisita gidatu antolatu zituzten, haietako bat musika eskolako ikasleekin, Joan Luis Atxegaren gidaritzapean.
"Usurbilgo Organoa berezia da. 1907an, Parisen eraiki zuten, Cavaillé-Coll lantegietan. Ospe handiko frantziar baroi bat izan zen haren lehen jabea (l ́Espée baroia); Ilbaritzen (Baionatik gertu) zuen jauregirako eskatu zuen organoa eraikitzeko. Lehen Mundu Gerra ondorengo diru-eskasiak zirela eta, baroiak ondasun batzuk saldu behar izan zituen, eta horien artean, organo eder hau. 1920 inguruan, Usurbilgo Salbatore parrokiak hain baliotsua den tresna erosi zuen zenbait herritarren ahalegin ekonomikoari esker. Honenbestez, 100 urtetik gora egin ditu organoak Usurbilen. Azken urteotan zaharberritze-lan handiak egin dituzte Usurbilgo organoan".