NOAUA! Kultur Elkartearen urteroko hitzordua asteazken honetan, martxoaren 13an. Kultur elkartekoen bazkideen bilkura nagusia antolatu dugu Potxoenean. Bazkideei helarazitako gutunean oroitarazi moduan, "iritsi zaigu pasa berri den 2023 urteak utzi diguna aztertu eta 2024ak ekarriko diguna aurreikusteko garaia. 2023an TURISMOA bezalako erronkei ekin genien eta Noaua! astekariari dagokionean, edizio sistema bateratuan hasi gara lanean. Horrek lan egiteko moduan aldaketak ekartzeaz gain, aldizkariaren estetika ere aldatu du. Honetaz guztiaz eta kontu gehiagori buruz aritzeko, Noaua! Kultur Elkartearen batzar nagusira etortzeko gonbidapena luzatu nahi dizugu".
Ohi bezala, bi deialdi izango ditu hitzordu honek; lehenengoa, arratsaldeko 17:30etan; bigarrena orduerdi geroago, 18:00etan. Gaiok hartuko dira ahotan:
1-2023ko memoria eta balantze ekonomikoa.
2-2024ko egitasmoak eta aurrekontuak.
3-Zuzendaritza Batzordearen osaketa eta onarpena.
4-Galdera erantzunak.
Bazkidetzeko deia
Kultur elkartetik gutun bidez gogorarazi moduan, "egun, 455 bazkide gara baina, NOAUA! kide gehiago batu nahi genituzke egitasmo honetara beste 25 urteko ibilbidea egin ahal izateko. Erronka bat proposatu nahi genizuke, inguruan duzun senide, lankide edo laguna NOAUA! kide izatera animatu! HERRIAK HERRITIK, BESTE 25 BAIETZ!!!". Kultur elkartera etorrita bidera dezakezue bazkidetza, bestela web orrialde honetan bertan ere bai, esteka honetan hain zuzen: https://noaua.eus/bazkidetu/
23. Korrikarekin bat
Ostegun honetan, martxoaren 14an abiatuko da 23. Korrika Irunetik. Hilaren 19an gauez, 22:50 aldera iritsiko da gure artera. Zubietatik hasi eta Aginagara bitarteko ibilbidean, hainbat eragileek hartuko dute Baionaraino eskuz esku ibiliko den lekukoa; tartean, noski, NOAUA! Kultur Elkarteak. Gutxi gorabehera, 23:30ak pasatxoan hartuko du lekukoa kultur elkarte honek; N634 errepidean, Atxegalde igaro berritan, Kaparotz parean. Usurbilgo Udalaren eskutik jasoko du lekukoa NOAUA! Kultur Elkarteak eta TaPunturekin partekatuko du Lasaoraino helduko den kilometroa.
Azken aldizkariak
Aste honetan jasoko duzuena, azkenaurreko aldizkaria duzue. Datozen jai egunak tarteko, martxoaren 22an kaleratuko dugu azken aldizkaria. Ordurako oharrak hilaren 18a baino lehen helarazi beharko dituzue bideotatik: erredakzioa@noaua.eus / 943 360 321. Etenaldi osteko hurrengo zenbakia, apirilaren 12an kaleratuko dugu.