23. Korrika

Korrika zuzenean

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 14a, 07:20

Bidean da Korrika, 16:00ak pasatxoan Irunetik abiatu ostean. Euskararen aldeko ekimen erraldoia zuzenean jarraitu ahal izango dugu martxoaren 24an Baionara heldu arte. Emisioaren seinalea estekatu dugu albiste honetan. 

Korrikak Euskal Herri osoa zeharkatzen du. Euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu helburu. Gaur, martxoaren 14an abiatu da 23. edizioa, "Harro Herri" aldarripean Irunetik eta Baionan hilaren 24an amaitu arte, 24 orduz zuzenean jarraitzeko aukera izango dugu, albiste honetan bertan estekatua duzuen seinalearen bidez.


Lapurdirantz
Aipatu moduan, Irunetik abiatu da 16:00ak pasatxoan euskararen aldeko lasterketa erraldoia, udalerri hartan egun osoz ospatzen ari diren jaialdiaren baitan. Hilaren 24an, antolatzaileek Baionako helmugan irakurriko den mezu sekretua, Euskal Herrian barrena eskuz esku ibiliko den lekukoan sartu ostean izan da. Lehen kilometroak udalerri honetan eta Hondarribian egin ostean, Lapurdira igaroko da euskararen aldeko lasterketa ezaguna. Hendaia, Ziburu, Donibane Lohitzune, Azkaine, Itsasu, Kanbo eta Uztaritze zeharkatuko ditu gauerdira bitarte. Ipar Euskal Herrian barneratuko da 23. Korrika lehenengo bi egunotan.

Gaurtik hasita, Korrika amaitu arte, 24 orduz zuzenean streaming bidez ikusteko aukera izango duzue atari honetatik bertatik, EITBren seinalearen bitartez.