Duela denboratxo bat Wilhelm von Humboldt eta Euskal Herria izeneko liburua argitaratu zenuen. Eta oraingoan protagonista bera duen beste batekin zatozkigu: Nazioa eta hizkuntza Humboldten pentsamenduan. Baina nor da Humboldt hori?
Gure artean nahiko ezaguna da Wilhem von Humboldt, gutxienez izena ez zaigu guztiz arrotza egiten, eta gutxi-asko badakigu bera bi alditan egon zela Euskal Herrian, 1799an eta 1801ean, eta horrez gain dezente idatzi zuela euskaldunen eta euskararen inguruan. Hori bakarrik ez, badakigu ere oso ondo idatzi zuela euskaldunen ohiturei eta hizkuntzari buruz (mirespen puntu bat ere nabaritzen da bere testuetan) eta honengatik ere gertukoa egiten zaigu eta sinpatia diogu. Horregatik da ohikoa bera euskaldunen laguna edo adiskidea bezala ezaugarritzea. Baina Humboldt, baita guretzat ere, askoz gehiago da.
Horixe diozu liburuan, Humboldt garrantzitsua dela bestela, hots, bere pentsamendu orokorra balio handikoa dela eta, baita gaur egun ere, oso estimatua dela alderdi eta esparru ezberdinetan. Azalduko al diguzu hau zehatzago?
Humboldten biografia intelektualari begiratzen badiogu, eta hori laburbiltzen saiatzen bagara, hiru hitz nabarmentzen dira: humanismoa, politika eta hizkuntza. Horien inguruko bere ekarpenak aipatzeko modukoak dira eta, sakon-sakonean, balio unibertsalekoak direla esan dezakegu. Gaurko Alemanian ere asko estimatzen da bere pentsamendua eta, zentzu honetan, adierazgarria 2021eko uztailaren 20an Berlinen inauguratutako gune kultural erraldoiaren izena: Humboldt Forum. Autore famatu hau da Euskal Herrira etorri zena eta, zalantzarik gabe, hori bakarrik ere harritzeko modukoa da.
Iñaki Zabaleta:
"Humboldt bitan izan zen Euskal Herrian eta dezente idatzi zuen euskaldunen eta euskararen inguruan"
Izenburuei bakarrik erreparatuz, aurrekoan “Euskal Herria” eta oraingoan “nazioa eta hizkuntza” nabarmentzen zaizkigu. Non dago aldea?
Lehenengoaren helburua Humboldten euskal ikerketak bere pentsamenduaren baitan azaltzea zen, beti ere garbi edukiz berak etengabe hitz egiten duela euskal nazioaz eta euskal hizkuntza nazionalaz. Baina gauza ez da hor bukatzen. Bere obra oparoan ehundaka aldiz hitz egiten du bestelako nazioez eta hizkuntzez eta, salbuespenik gabe, horiek beti elkarri estu lotuta behatzen eta azaltzen ditu. Hemendik dator bigarren liburuaren abiapuntu gisa planteatzen den oinarrizko galdera: Nola ulertzen eta zergatik uztartzen ditu Humboldtek nazioa eta hizkuntza bezalako kontzeptuak?
Demagun batek liburuaren muina esaldi batean laburtzeko eskatzen dizula. Zer esango zenioke?
Posible da spoiler moduko bat egitea eta, labur-labur, nazioa Humboldtentzat hizkuntz komunitatea dela esatea. Baina kontua ez da titular borobil bat botatzea, baizik eta horrek dakarren guztia ulertzea eta horrek suposatzen duen guztia barneratzea. Eta zentzu horretan, aipatzekoa da gainera, Humboldt bera ere ez dela ondorio horretara bapatean iritsi, alderantziz, bera kontu hori guztia pixkanaka-pixkanaka joan da argitzen. Honengatik dauka liburuak ere egitura historiko bat, hain zuzen, horren helburua kontzeptu horiek bere pentsamenduan egin duten bidea azaltzea delako.
Bere bizitzaren etapa guztietan, beraz, Humboldtek arreta handia eskaintzen dio nazioaren eta hizkuntzaren arteko loturari. Zeintzuk dira horren inguruko bere ideia garrantzitsuenak? Zeintzuk azpimarratuko zenituzke?
Humboldtek, hasteko, garbi du giza-banakoak ez direla irla isolatuak eta, horregatik, ezinbestekoa iruditzen zaio giza-talde edo nazio ezberdinak zuzenean ezagutzea eta aztertzea. Aldi berean, alemana eta prusiarra izanik, gainera, ezinbestekoa ikusten du oinarrizko bereizketa bat egitea: gauza bat da hizkuntzarekin loturiko nazioa, eta beste bat konstituzioarekin loturiko estatua. Honen guztiaren ondorioz, azkenik, Humboldtek hizkuntzaren esparrura zuzentzen ditu bere ikerketa antropologiko guztiak, eta alde horretatik ondorio honetara iristen da: “Hizkuntza da nazioaren arima”.
Batek baino gehiagok esango du hori guztia zaharkitutako zerbait dela, gaurko gizarteak askoz ere anitzagoak direla eta bestelako arazo sozialek lehentasuna eduki behar dutela. Zer esango zenuke horren inguruan?
Guk ez dugu erabakitzen zer den arazo eta zer ez. Guk arazoak aurkitu egiten ditugu eta, alde honetatik, argigarria da zenbat alditan entzuten ditugun adibidez horrelako espresioak: “estaturik gabeko nazioak”, “estatu plurinazionalak” eta abar. Zerbaitegatik izango da, ezta? Bada horregatik da garrantzitsua horretan guztian sakontzea eta, ahal den neurrian, oinarrian dagoen nazioa zer den edo nola ulertu daitekeen argitzea. Zeregin honetan, nire ustez, lagungarri izan dakiguke Humboldten pentsamendua, besteak beste, bere ideietako askok ez daukatelako iraungitze datarik.
Datorren astean egingo da liburuaren aurkezpena, hain zuzen, Korrikaren inguruko ekitaldien baitan. Zergatik? Ze lotura du Humboldtek horrelako zerbaitekin? Zer esango luke gaur Korrikari buruz?
Humboldtek ere, bere garaian eta bere kabuz, Korrika moduko bat egin zuen. 1801eko udaberrian, hogeita hemezortzi egunetan, hegoaldeko eta iparraldeko hainbat euskal herri bisitatu zituen. Eta bere helburua ez zen bakarrik Euskal Herrian egotea, baizik eta batez ere euskararen herria ezagutzea, hau da, euskaraz hitz egiten duen eta euskaraz bizi den jendea ezagutzea. Hizkuntza ez dago berez apalategietako liburuetan, baizik eta, berak dioen bezala, “herriaren ahoan”. Hizkuntza bizi hori zen berak ezagutu nahi zuena eta, horregatik, ziur nago gaur berak ere Korrikan parte hartuko zuela.
Asteazken honetan, Sutegin
Iñaki Zabaletak “Nazioa eta Hizkuntza: Humboldtekin Korrika” solasaldia eskainiko du asteazken honetan, arratsaldeko 19:00etan Sutegin.