650 Usurbil Bizi

650 Usurbil Bizi egitasmoak aplikazio berria du

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 13a, 14:19

"Usurbil Museo Irekia" telefono mugikorraren laguntzaz egin edota hurrengo bisita gidatuetarako izena emateko aukera eskainiko du.

Sorreratik web orria badu, sare sozialetan dago eta aurrerantzean, telefono mugikorreko aplikazio propioa izango du 650 Usurbil Bizi, bestelako turismo eredua sustatzen ari den herri egitasmoak. Eskuragarri duzue Android eta IOS telefono mugikorretarako. "Hilabete luzeetako lana izan da" erronka honen garapena, herri egitasmo honen dinamizatzaile Ines Azpiazuk goizean Potxoenean egindako aurkezpenean adierazi duenez.

Aurretik, alor honetan bazen beste aplikazio bat baliatu dute gaur aurkeztu dutena txertatzeko; 2016an Udalak Elhuyarrekin lankidetzan sortutako "Adi Usurbil" izenekoa. Bertan, orduko Harria Hitz ibilbide gidatua nork bere kabuz mugikorraren laguntzaz egiteko aukera ahalbidetzen zuen. 650 Usurbil Bizi aplikazioa bertan txertatu dute eta funtzio berriak erantsi dizkiotela jakinarazi du gaur Azpiazuk. Aurrerantzean, beraz, "Usurbil Museo Irekia" iaztik asteburu askotan antolatzen diren Usurbilgo kultur sorkuntza ezagutarazten duten bisita gidatuak nork bere kabuz egin ahalko ditu aplikazio honen laguntzarekin. "Herriguneko interes puntuak aurkezten dizkigu; adibidez, Dema plaza, Zumetaren eta Juda Arrietaren muralak... Herrigunetik haratago dauden puntu gehiago ere azaltzen dizkigu, zaintzari lotutakoak" tartean baita "errotarrien bideak, herri-auzoak ezagutzeko aukera ematen digu aplikazio honek. Gainera, Adi Usurbil aurreko aplikazioak bezala, interes puntu hauek modu irisgarrian ikusteko aukera ematen digu", gaineratu du 650 Usurbil Bizi egitasmoaren dinamizatzaileak.

Horrez gainera, "650 Usurbil Bizitik antolatzen diren bisita gidatuen agenda ikusteko aukera ematen du eta baita  bisita gidatuen erreserba egiteko aukera ere. Aplikazioa sei hizkuntzatan dago: euskara, gaztelania, katalana, galegoa, ingelesa eta frantsesa", Elhuyarri esker. 


Audiogida eleaniztun eta irisgarria
Hain zuzen, hizkuntza teknologietan aditu gisa parte hartu du Elhuyarrek egitasmo honetan. Bertako Hizkuntza eta Teknologia Unitatearen koordinatzaile Itziar Cortes Etxabek gaurko Potxoeneko aurkezpenean azaldu duenez, "Elhuyar aditua da hizkuntza-teknologien alorrean, eta horren erakusle da Bidaide plataforma. Plataforma hori eduki kudeatzaile bat da, non azken belaunaldiko hizkuntza-teknologiak integratuta dituen: Elia itzultzaile automatikoa eta TTS neuronala, testua ahots bihurtzeko sistema, besteak beste. Bidaidek hizkuntza batean sortutako edukia beste hizkuntzatara itzulpen automatiko bidez itzultzeko aukera ematen du, eta eduki horietako bakoitza entzuteko aukera ere eskaintzen du. Era horretara, audiogida eleaniztun eta irisgarria sortzeko bitarteko teknologikoak jarri ditu Elhuyarrek Usurbilgo Udalaren esku. Zehazki, sei hizkuntzatan kontsulta daiteke 650 Usurbil Bizi app-a: euskara, gaztelania, katalana, galegoa, ingelesa eta frantsesa".


Irisgarritasunaren bermea
Aurrerantzean, eskuragarri izango den aplikazioa sektore horretan, mugikorretarako aplikazioen garapenean aditua den Batura enpresak egin du. 2006tik jardunean den lantegiak sorreratik "proiektu piloa egin ditugu, horietako asko turismo esparruan". Izan ere erakunde asko dira turismoari lotutako informazioa mugikorren bidez kontsultatzeko moduan jarri dutenak urteotan, izan web orrialde edota aplikazio bidez. Bi arlootan jarduten du Baturak, enpresako negozio zuzendari Gotzon Arzelusek gaurko Potxoeneko agerraldian berri eman duenez. "Kasu honetan, IOS eta Androidentzako aplikazioak garatu ditugu, irisgarritasun kontzeptu hori bermatuz".

Irisgarritasuna nola bermatu duten azaldu du Arzelusek. Aplikazioko edukiak Elhuyarren Bidaide plataforman kargatzen dira eta "Baturaren ardura izan da, eduki horiek Bidaidetik hartu, IOS eta Androidentzat programatu eta irisgarri bihurtzea, deskargatu ahal izateko". Zehaztu duenez, "mugikorrek irisgarritasun asistenteak izaten dituzte, gauzak hobeto ikusteko. Baina aplikazioak ez badira osagai horiekin hitz egiteko programatzen, batak besteari ez badizkio aginduak ematen, aplikazioak ez dira irisgarriak". Bestalde, "erakunde publikoak duela hiruzpalau urtetik behartuak daude aplikazioak herritarrentzat garatzen dituztenean irisgarriak izatea eta Usurbilgo Udalak hori bermatu du", zehaztu du Arzelusek.