Bisita gidatu askotarikoak izango ditugu hurrengo hilabeteotan eta eskaintza hazi egingo dela ohartarazi du 650 Usurbil Bizi herri egitasmoko dinamizatzaile Ines Azpiazuk herri proiektu honi lotuta garatu duten aplikazio berriaren gaurko Potxoeneko aurkezpenean. Orain arte, herriko kaleetan dugun kultur sorkuntzan barrena bidaiatzea ahalbidetzen duen "Usurbil Museo Irekia" ekimenari segida emango diete. Tarteka, gainera, osagai berriak txertatuko dizkiote hitzorduari, beste eragile batzuekin lankidetzan. Esaterako, Chillidaren 100. urtemugaren eta Zumetaren frontoi atzeko muralaren 50. urtemuga uztartuko dituen bisitak antolatu dituzte. Bat egin zen iragan otsailean, bigarrena hilabete honetan bertan egingo dute, hilaren 23an. Bestalde, hilabete amaieran, iazko uztailean egin bezala, "Usurbil Museo Irekia" bisita gidatua Txikierdiko Zumeta Arte Estudioan amaituko da.
Euskarri berrituak
Kultur sorkuntzara bideraturiko bisita hauei begirako berrikuntza ere bat ere iragarri dute 650 Usurbil Bizi egitasmoko sustatzaileek. "Euskarrietan ere berrikuntzak egin ditugu. Alde batetik, QR kodedun euskarriak sortu ditugu, aplikazioari lotuta daudenak eta hauek Museo Irekia izeneko ibilbideko puntu esanguratsuetan daude kokatuak. Mugikorrekin QR horiek eskaneatuta, puntu horren informazioa jasoko dugu". Horrez gain, 2022ko urritik 650 Usurbil Bizi egitasmoari lotutako hitzorduen agenda funtzioa betetzen duen Mikel Laboa plazako totem edo zutabea ere "berrituko dugu, bertan egongo diren ekitaldien berri emango dugu eta, horrez gain, aplikazioan jaisteko aukera emango da QR bidez".
Alor gehiagotan
Kultur sorkuntzaz gain, bestelako zaintza ekosistema berri bat eraikitzeko herri hau egiten ari den bidea ere erakutsiko dute. Oraingoz, Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioaren proiektua eta iazko uztailean inauguraturiko Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzune berria ezagutzeko aukera eskainiko da. Herria alor ezberdinetan sakonago ezagutzeko saiakera honetara batu daiteke laster Salbatore Eliza ere. "Hitzarmena sinatzeke dugu oraindik baina elizarekin ere bisita gidatuak egin nahi ditugu". Besteak beste, erlojua eta organo historikoa erakutsiko dira bisita hauetan.
Udalerri hau aitzindari bada hainbat proiekturi esker; tartean, hondakinen kudeaketa eredua irauli zuen hain zuzen duela 15 urte. Urte hauetan guztietan hurbiletik edo urrunagotik hainbat bisita antolatu izan ditu Udalak, Usurbilgo eredua ezagutarazteko. Aurrerantzean, "650 Usurbil Bizi eskaintzaren baitan sartu nahi ditugu".
Gogoan izan, bisita hauetarako izena aurrez eman beharko da 650usurbilbizi.eus atarian.
Zumetaren murala
Jose Luis Zumeta artista usurbildarraren frontoi atzeko muralak 50 urte bete zituen iaz. Mende erdi honen harira ekimen zikloa iragarri zuten Zumeta Arte Estudioak eta Usurbil; besteak beste, kontserbatze lanak egin zituzten, Xumetik herri jaialdia plazaratu Kulturgunekoen eskutik edota "Zumeta 23" Oxkar Alegriaren film laburra ere aurkeztu zuten. Besteak beste, muralaren beraren sorkuntza prozesua ikusgai jarri zuen duela urtebeteko Sutegiko erakusketak. Ziklo honen baitan bigarren erakusketa bat ere iragarria bazen eta hori apirilean zabalduko dute. Zumetaren eta Usurbilen arteko hartuemana aztertuko du. Xehetasunak, astebete barru aurkeztuko dituzte agerraldi bidez.
650 Usurbil Bizi: bisita gidatuak
Martxoak 23, larunbata
11:00-13:30 "Usurbil Museo Irekia" eta Chillida Lekura bisita gidatua.
Izen-ematea: taldea osatu da.
Antolatzaileak: Usurbilgo Udala, Chillida Leku, 650 Usurbil Bizi.
Martxoak 31, igandea
11:00 "Usurbil Museo Irekia" eta Zumeta Arte Estudiora bisita gidatua Sutegitik abiatuta.
Apirilean
Zumetaren muralaren 50. urtemugako ekimenen baitan, Zumetaren eta Usurbilen hartuemana aztertuko duen erakusketa Sutegin.
Apirilak 14, igandea
12:00-13:00 "Usurbil Museo Irekia" bisita gidatua Sutegik abiatuta.
Apirilak 20, larunbata
12:00-13:00 "Usurbil Museo Irekia" bisita gidatua Sutegik abiatuta (erdaraz).
Apirilak 28, igandea
12:00-13:00 "Usurbil Museo Irekia" bisita gidatua Sutegik abiatuta (erdaraz).
Izen-ematea: 650usurbilbizi.eus
Gehienezko bisitari kopurua: 14.
Oharra: eskudirutan ordainduko da bisita gidatua hasi baino lehenago.
Antolatzailea: 650 Usurbil Bizi.