Bi urteren ostean, gaur estreinakoz euskararen alde Korrika esnatu da Euskal Herria! 23. edizioa atzo hasi zuten Irunen. Udalerri hau eta mugakide duen Hondarribia zeharkatuta, Lapurdin barneratu zen AEK-k antolaturiko ekimen erraldoia. Hendaia, Ziburu, Donibane Lohizune, Azkaine, Itsasu, Kanbo, Uztaritze zeharkatu zituen gauerdi aurretik. Ostiral honetako, martxoaren 15eko lehen orduetan, Ipar Euskal Herrian barneratzen segi du 23. Korrikak Zuberoaraino. Hala, Hazparne, Donapaleu, Arüe, Maule eta Urdiñarbe zeharkatu ditu jada. Goizean zehar, Larzabale, Donibane Garazi, Azkarate edota Baigorritik igaroko da.
Handik, gero, Nafarroa Garaian sartuko da Baztan ingurutik. Izan ere, Erratzu, Arizkun edota Elizondorantz joko du euskararen aldeko lasterketak. Arratsaldean, Irurita, Eugi, Zubiri, Erro, Lintzoain, Garralda, Abaurrepea eta Abaurregaina bisitatuko ditu gauerdia baino lehen.
Zuzenean 24 orduz
Asteburua, Nafarroan igaroko du 23. Korrikak. Euskararen aldeko lasterketa zuzenean jarraitu ahalko duzue 24 orduz, EITB-ren seinalearen bidez, albiste honi atxikia duzuen bideoan.
Gogoan izan, 23. Korrika Usurbila heltzeko lau egun geratzen dira!