23. Korrika

AEK laguntzeko Udarregikoen elkartasun azokaren azken eguna

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 15a, 07:16

Udarregi ikastolako LH 6. mailako ikasleek badatorren 23. Korrikaren atarian, AEK laguntzeko astelehenean ireki zuten elkartasun azokaren azken eguna izango da gaurkoa.

Gozogintzako produktuak, patata tortilla eder askoak... eskuragarri dituzue egunotan Agerialdeko patioan, Udarregi ikastolako LH 6. mailako ikasleek astelehenaz geroztik zabalik duten elkartasun azokan. AEK lagundu nahi dute. Horretarako, hilaren 19an geure artera helduko den 23. Korrikako kilometroa erosi du ikastolak. Kilometro hau ordaintzen laguntzeko bideratu dute azoka hau, horren bidez, aipatu moduan, antolatzaileak, AEK laguntzeko. 

Ohartarazi dutenez, erositako jakiak (glutendun eta gabeko gozogintza, patata tortila...) etxera eraman nahi izanez gero, salmenta postura taperrarekin joateko deia egin dute. Elikagaiok ikasleek etxetik eginda eramango dituzte elkartasun postu honetara. Aipaturiko elikagaiez gain, besteak beste, jantziak ere izango dira, 23. Korrikarako petoak ere salgai izango dituzte. 

 

Laguntza AEK-ra
Hitzorduaren xehetasun eta helburuak azaltzeko kartelak sortu dituzte. Euskarri desberdinetan aritu dira iragartzen ekimena egunotan; ez soilik NOAUA! bidez, baita ikastolako informazio buletinean, jolasgaraiko megafono bidez ere iragarriko dute. Kartelak jarriko dituzte, bestalde, udal azpiegitura hainbatetan; hala nola, Oiardo kiroldegian, Gaztelekuan edota Sutegin.

Azoka solidario horretan bildutako laguntza, aipatu moduan, AEK-ri bideratuko diote, Udarregi ikastolak erositako kilometroaren bidez. Horrekin batera, ikastola bitan irtengo da hilaren 19an euskararen alde. Bazkalostean, Korrika Txikia ospatuko dute eta gauean, 23. Korrikan lekukoa eramango dute. Argazkiko protagonistek parte hartu zuten duela bi urteko 22. edizioan. Oroitzapen ederra dute orduko hartaz. Ikasleok lekukoa eramateko ohorea izan zuten. Zirrara handiko une hau berrituko dute laster, guztiok bezala.




23. Korrika Kulturala Usurbilen
Martxoak 11-15, astelehenetik ostiralera
16:15-16:45 AEK laguntzeko azoka solidarioa Agerialdeko patioan.
Antolatzaileak: Udarregi ikastolako LH 6. mailako ikasleak.

Martxoak 16, larunbata
18:30 "Bizkarsoro" filmaren proiekzioa Zubietako Kaxkapen.

Martxoak 19, asteartea
14:30 Korrika Txikiak Zubietan, Aginagan eta Usurbilen.

Kaxkoan:
17:00 Familia plana Zirimarak antolatua.
18:30 Txokolatada.
19:30 Bertso saioa, bertso eskolakoen eskutik.
20:00 Atari irekia Aitzagan. Txartelak 12 eurotan Aitzagan.
20:30 Gazte-ilunabarra Aztarrika Gazte Asanbladakoen eskutik.

Zubietan:
20:30 Afaria:
-Bokadiloak: patata tortila, xolomoa (gazta edo piperrekin).
-Edaria, postrea eta kafea.
-Prezioa: 6 euro.

Aginagan:
20:30 Afaria: patata tortila, txorizo egosia eta sagardoa.
21:00 Dja girotzeko eta karaokea.
23:10 Korrikarako prestatuko gara.


Martxoak 21, osteguna
18:00 Kultur ibilbidea Usurbilen barrena, Etumeta AEK euskaltegi paretik abiatuta: musika, abeslariak, erraldoiak...