20. Soinurbil

"Kanta dantzagarriak eta dibertigarriak egitea da gure helburua"

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 15a, 07:21

Atzoko atseden egunaren ondotik, indarberriturik ekingo dio berriz Zumarte Musika Eskolak 20. Soinurbil Musika Asteari. Erromintxelak Arrasateko swing taldea Mikel Laboa plazan oholtzaratuko da ostiral honetan, martxoaren 15ean, arratsaldeko 19etatik aurrera.

Swing taldea zarete. Euskarazko abestiak eta inprobisazioan oinarritutako ikuskizuna eskaintzen duzue.
Emanaldi berria estreinatuko dugu Usurbilen eta irrikitan gaude. Bertan, euskaraz egindako kanta propio berriak joko ditugu eta swing garaiko kanta ezagunak entzuteko aukera ere egongo da.

Swing eta gipsy musika egiten duzue.
Gure helburua kanta dantzagarriak eta dibertigarriak egitea da eta euskaraz, noski. Hasiera batean, taldea hirukote bezala (2 gitarra eta kontrabaxua) hasi zen gipsy swing estiloan oinarrituta. Gerora, washboard, bateria eta haizezko instrumentu bat gehitzean, dantzagarriago bihurtu zen eta swingetik gertuago dago. Hori bai, gipsy swing kutsuarekin.

Swing musikak Euskal Herrian arrakasta duela esango zenukete?
100 urte dituen musika da eta gaur egun bizirik jarraitzen du. Musika modernoaren sustraiak dira. Euskal Herrian, estilo hau jorratzen duen talderen bat badago, baina ez asko egia esanda. Dagoen hutsunea ikusita, euskaraz egindako swingaren alde egin dugu apustu. Hitzei ere garrantzia handia ematen diegu, euskal olerkien moldaketak eginez. Bestalde, lindy hop dantzatzen duen geroz eta jende gehiago dago, eta horrek asko pozten gaitu. Behin baino gehiagotan parte hartu izan dugu swing dantza eskolekin arrakasta handiz.

Musika irakasleak zarete taldekideak. Nolatan sortu zenuten proiektu hau? Kontserbatorioan ezagutu zenuten elkar?
Denok ditugu Goi Mailako Jazz ikasketak eta betiko lagunak gara. Swing eta euskara kantu hutsunea zegoela ikusita, hura jotzeko beharra sortu zitzaigun. Gure herrian, Arrasaten, beti egon da musikarako zaletasuna eta musikari zein talde on asko daude: Punk, Oi!, Rock eta Metal estilokoak gehienak. Honetan, lehenak eta bakarrak gara. Zaila ikusten dugu etorkizun batean guk egindako bidea hurrengo belaunaldiek jarraitzea, baina zeinek daki. Egundokoa litzateke!

Berriki, 2023ko abenduan, Kaki Arkarazo herritarraren estudioan lehen singlea eta bideoklip bat grabatu zenituzten.
Bai, jada gure lehen singlea entzungai dago Spotifyn eta gure bigarren bideoklipa ikusgai YouTuben. Oso pozik gaude emaitzarekin eta ilusio handiz, Kaki Arkarazoren herrian berarekin egindako lana aurkezteko. Herritarren gustukoa izatea espero dugu.

Zertan da proiektua? Abesti berriak egiten ari zarete, kontzertuetan zentratuta zaudete?
Bai, orain, abesti berriei azken ukituak ematen ari gara, datozen kontzertuetan jotzeko. Jadanik kontzertu batzuk lotu ditugu. Usurbilgo kontzertuaz aparte, Katapulta Tour Gipuzkoan hautatu gaituzte. Programa horrek Gipuzkoan garrantzia handia dauka. Urtean 4 kontzertu 4 eszenatoki ezberdinetan emateko aukeraz aparte, entsegu lokala eta formakuntza ikastaroak jasoko ditugu. Erakusleiho aparta dela uste dugu eta oso pozik gaude bertan egoteaz. Programa honetako lehen kontzertua, maiatzaren 12an Pasaiako Itsas Festibalean izango da eta hurrengoa, maiatzaren 25ean Tabakalerako Kutxa Kultur Kluban Donkey Ridersekin batera. Gogotsu gaude!