20. Soinurbil

"Betiko abestiak oholtzaratuko ditugu, ezagunenak"

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 15a, 13:48

Zumarte Musika Eskolaren 20. Soinurbil Musika Astearen baitan, martxoaren 16an Ene Kantak taldeak dantza ikuskizuna eskainiko du Zubietako frontoian. Ekitaldia haurrei zuzendutakoa da.

Ene Kantak euskarazko haur kantak egiten dituen talde-ekimena da, Nafarroan sortua. Euskararen erabilera zabaltzea dute helburu, eta, horretarako, abesti itsaskorrak, freskoak eta dantzagarriak konposatzen dituzte, bai EITB3rako, bai ikuskizunetarako. Horrez gain, koreografia errazak prestatzen dituzte, txikiek imitatu eta ongi jarraitu ditzaten. “Dantzan” ikuskizun berezian, “Ene kantak”eko abestirik dantzagarrienak eta ospetsuenak eramango dituzte Zubietako oholtzara. Bertan, Nereak eta Enekok gidatuta, eta pantailan agertuko diren bideoen laguntzarekin, ipuin edo istorio bat kontatuko dute abesti guztiak uztartu eta dantzaldiari forma emanez. Saioan zehar, publikoak ez du atsedenerako tarterik izango. Denak dantzan jarriko dituzte Zubietako frontoian.

NOAUA! Ene Kantak Eitb3ren bidez ezagutuko dute askok. Ikuskizunetan ere telebistan ikus daitekeen formatuan lan egiten duzue?
Telebistan hasieran agertzen ziren pertsona guztiak aterako dira: Nerea, Eneko, Astonauta eta Satorjator. Azken urteetan telebistan atera diren horietatik bi, ordea, ez dira egongo: Mintxo eta Argi. Ikuskizunean azken horiek ez, baina gainontzekoak ikusteko aukera izango da. Hasierako ikuskizunetan sortutako pertsonaia guztiez gozatzeko aukera paregabea.

Gonbidatuak izaten dituzue eta abesti askotan partehartu dute ezagun askok. Ikuskizuna ikustera hurbiltzen denak zein abesti entzuteko aukera izango du?
Ikuskizun honetan abesti ezagunenak aterako dira koreografiarekin eta abesti berriren bat ere izango da EITBrekin estreinatu ditugunak. Betiko abestiak eta zaharrenetakoak aterako dira; orokorrean, ezagunenak.

Youtuben aritu zineten telebistarako jauzia eman aurretik. Proiektu honen sorrera Youtuben izan zen edo nola hasi zineten?
Haurrentzako euskarazko proiektuen falta zegoela ikusita, behar horri tiraka, disko bat grabatu genuen jende ezagunaren partehartzearekin. Hala ekin genion proiektu honi. Bideoen bereizgarria famaturen bat sartzea zen: kulturgileak, kirolariak... denetariko pertsonak batu ziren proiektura. Disko horretatik, ikuskizun bat sortu zen eta ondoren, egindako disko bakoitzetik ikuskizun bat sortu dugu. Behin martxa hori hartuta, EITBren deia jaso genuen telebistako programa bat egiteko eta gaur arte. Horixe da gure azken 13-14 urtetako bilakaera. Nafarroatik hasitako proiektua da.

Eitb3ko proiektua amaitzear da, orain zein bidetatik jarraituko duzue?
Azken programa martxoaren 23an izango da. Bost urte izan dira EITBrekin elkarlanean, eta orain, ibilbidean ikuskizunekin jarraituko dugu. Proiektuari osotasuna eman nahi diogu orain. Haurrentzako ipuinen edizio lanetan murgilduta gabiltza azken aldian eta horri bultzada eman nahi diogu. Ikuskizunari ere indarra eman nahi diogu. Urritik aurrera ikuskizun berri bat estreinatuko dugu eta horrekin ere ilusioz ari gara lanean. Urte eta erdian behin estreinatu ohi dugu ikuskizuna, eta azkena maiatzean izango da denboraldi honetakoa. Ondoren, hilabete batzuetako atsedena hartuko dugu eta indar-berrituta helduko diogu ikus-kizun berriari urrian. Liburua, ikuskizuna eta bestelakoak bateratzeko prozesu betean sartuta gaude.