Elkargunea eraikitzen segitzeko hitzordua larunbatean

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 15a, 08:22

Otsaila hasieratik abian da Elhuyarrek dinamizaturiko parte hartze prozesua. Datorren saioa, martxoaren 16rako, larunbata, iragarri dute, 10:00-13:30 artean Udarregi ikastolako jangelan.

“Elkargunearen helburuak finkatzea, balioak definitzea eta erabilera posibleak jasotzea” izango da hirugarren saio horren helburua, antolatzaileek iragarri dutenez.

Lankidetzan biltzeko
Anbulatorioa, Oiardo kiroldegia edota Udarregi ikastola inguratzen dituen belardian eraikiko dute etorkizuneko Usurbilgo Elkargunearen egoitza izango dena. "Lanean aritu gara proiektu hau gauzatzeko urratsak ematen. Udaleko teknikariekin nahiz eragileekin aztertu dugu Usurbilgo Elkargunea non eraiki litekeen eta badaukagu adostasuna", berri eman zuten denek urtarrilaren 19an Elkargunearen etorkizuneko kokagunean bertan egindako agerraldian.

Nerabeen, gazteen eta kulturgileentzako, nork bere egitasmoak bideratzeko, lankidetzarako nahiz biltzeko espazio berri baten beharrak batu zituen eragile guztiok orain arte elkarrekin jorratu duten bidean urrats berriak ematen ari dira; kokagunea erabakita, Elkarguneak egoitza izango duela adostuta, huraxe diseinatzeko parte hartze prozesua abiatu zuten otsailaren 3an Udarregi ikastolako jangelan, Usurbilgo Kulturgunea, Gaztelekua, Aztarrika gazte asanblada, Ziortza gazte elkartea eta Udaleko kideak. "Zer nahi dugu Elkargunean gertatzea?" hortxe prozesu honen sustatzaileek hitzordu honi begira proposatu zuten galdera.

Izaera desberdineko saioak
Elhuyarrek dinamizatuko du Elkargunearen eraikinari lotutako partaidetza prozesua. Abiatua duten partaidetza prozesuaren xede duten Elkargunearen definizio partekatu horretara iristeko sei saio aurreikusi dituzte hilabeteotarako. Segidan dituzue prozesuari lotutako xehetasunak. "Izaera desberdineko saioak izango dira, non metodologia eta dinamika ezberdinekin denon parte hartzeaz hainbat gai landu eta adostuko ditugu".

Horrekin batera, Elkarguneari ere izena jarri nahi diote, momentuz Usurbilgo Elkargunea izendapenari eutsiko badiote ere, izen propioa hautatzeko "proposamenak jaso eta eztabaidatuko ditugu hilabeteotan". 

Prozesuan parte hartzeko gonbita egin zuten deitzaileek prozesu hasieran. "Animatu eta parte hartu!", adierazi dute. Interesa duen Usurbilgo gazte eta kulturgile orori zuzendua egongo da. "Ziur gaude giro atseginean joango direla saioak".

Emaitza, eraikinaren oinarri
Prozesuan sortutako edukia Udalak dituen komunikazio bide ezberdinetatik zabalduko dute eta bide honek emandako horretan oinarrituko dute, Kalezarko Pelaioenearekin egin zuten moduan, "Usurbilgo Elkargunearen arkitektura proiektua". Udal gobernu taldetik berri eman zutenez, egitasmo honen idazketarako "enpresa lotzen ari gara une honetan".


Usurbilgo Elkargunea eraikitzeko parte hartze prozesua
Hurrengo saioen egutegia: martxoak 16, apirilak 20, maiatzak 18 eta ekainak 15.
Saioen ordutegia: 10:00-13:30.
Saioen lekua: Udarregi ikastolako jangela.
Zehaztasunak: Udarregi ikastola pareko zelaian kokatuko den Usurbilgo Elkarguneari lotutako parte hartze prozesua. Saio honen helburua, "elkargunearen helburuak finkatzea, balioak definitzea eta erabilera posibleak jasotzea" izango da.
Jorratuko dituzten gaiak:
-Elkargunea ezaugarrituko duten balioak.
-Kudeaketa eredua.
-Barne-antolaketa.
-Nolako espazioa nahi den.
-Zer beharrei erantzun.
-Nola egituratu.
-Partaidetza prozesua amaitu eta eraikina izan bitarteko denbora horretarako dinamika eta egitekoak zehaztea.
-Elkargunearen izena.
-Beste esperientzia batzuen ezagutza.
Dinamizatzailea: Elhuyar.
Sustatzaileak: Usurbilgo Elkarguneko sustatzaileak.