Kalitatezko osasun publikoa defendatzeko mobilizazio eguna larunbat hau

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 15a, 10:24

Kalitatezko osasun publiko duinaren alde mobilizatzeko deia egin dute Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek; tartean, Donostialdekoak. Larunbat honetarako, manifestazio bana deitu dute Osakidetzaren hiru lurraldeetan. Donostiakoa 17:00etan abiatuko da Bulebarretik. Segidan duzue manifestazioon atarian deitzaileek kaleratu duten manifestua.

Zaintza sistema publiko, duin eta kalitatezkoa bermatuko duen osasungintza publiko berri baten alde
2023an OPA Herri Plataformak Osasun Publikoaren aldeko plataformen koordinakundekook manifestu bat kaleratu genuen, Euskal Osasun Sistema Publikoak urteetan jasan duen narriadura plazaratzeko.

Euskal sindikatuen gehiengoak eta eragile sozial ugarik bat egin zuten manifestuarekin, eta gurekin batera 2023ko apirilaren 22an eta urriaren 27an EAEko hiru hiriburuetan antolatu genituen manifestazio arrakastatsuetan parte hartu zuten.

Orduan esan bezala, eta mugimendu feministak ere defendatzen duen bezala, guk ere ziur jarraitzen dugu narriadura hori konpontzeko zainketa-sistema integral, publiko eta kalitatezkoa ezarri behar dela, bizitzaren etapa guztiak bermatuko dituena, eta hori guztia eragindako herri-administrazioen arteko lankidetzatik sortu behar dela.

Uste dugu behar-beharrezkoa dela eredua aldatzea, eta ziur gaude hori herritarren partaidetzatik sortu behar dela.

• Beharrezkoa da osasuna politika guztietan txertatzea eta gure bizi-baldintzak zehazten dituzten faktoreei heltzea.

  • Guztiz publikoa den osasun-sistema bat egituratu behar da, kalitatezko eta bidezko irisgarritasun unibertsala bermatuko duena.

  • Gaur egun ia existitzen ez den osasun-kudeaketako gardentasuna bermatu behar da, edonork ulertzeko moduko datuak emanez.

  • Kudeaketa horrek demokratikoa izan behar du, maila guztietan herritarren parte hartzea eta kontrola bermatuko duten egiturak sortuz.

    Horretarako, gure ustez, ezinbestekoa da Lehen Mailako Arreta birsortzea, osasun-asistentziako sistemaren giltzarri bihur dadin, eta ez bakarrik sarrerako ate huts. Eta horretarako:

  • Mediku berak paziente baten osasun-arazoen jarraipena egin ahal izatea (longitudinalidadea).

  • Sarbide-ekitatea bermatzea, arreta presentziala lehenetsiz.

  • Beharrezkoak diren baliabideez hornitu behar da (finantzaketa nahikoarekin, aurrekontu sanitarioaren % 25era handituta, gutxienez), eta lehen mailako arretaren eta arreta espezializatuaren arteko arrakala gutxituz.

  • Antolatzeko autonomia zabala ematea, eta sistema publikoa herri txikien errealitateari egokituz.

  • Eskainitako zerbitzuak handitzea, osasunean ekitatea bermatzeko: mentala, lanekoa, komunitarioa, prebentiboa, aho-hortzetakoa, fisioterapia, geriatria...


    Osakidetzaren egungo egoera arduradun politikoek aspaldian egindako plangintza eta kudeaketa politiko arduragabearen eta negatiboaren emaitza da.

    15/97 Legeak, erakunde pribatuak osasun-laguntzan sartzea ahalbidetu zuenak, egoera hau larriagotu egin zuen.

    Eusko Jaurlaritzak orain iragarri duen osasun-gastuaren igoera, bere kudeaketa txarra salatzen duen herri-aldarria baretu nahian, funtsean ekipamendu berriak eraikitzean eta ekipo ultrasofistikatuak erostea baino ez da.

    Erabaki horren bidez, Eusko Jaurlaritzak, Lehen Mailako Arretaren eguneroko gabezia oinarrizkoenak konpondu beharrean, lotura ekonomiko eta pertsonal estua duten enpresa batzuen alde egin du berriz ere.

    Bestetik, osasun publikoaren murrizketa-politikak, espezialista bat eskuratzeko itxaron-zerrendak eta ebakuntza kirurgiko bat egiteko epeak izugarri luzatzea ekarri du.

    Ezin dugu inondik inora onartu zerrenda horiek murriztea zerbitzuen pribatizazioaren kontura, edozein trikimailu erabilita ere, hala nola, klinika pribatuetara edo kontzertatuetara desbideratuz, edo "peonaden" bitartez. Osasuna ez da merkatu-ondasun bat, eskubide unibertsal bat baizik.

    • Orain arte egin diren pribatizazio guztiak geldiaraztea eta lehengoratzea eskatzen dugu. Eta baita ere baliogabetzea 15/97 Legeak, erakunde pribatuak osasun-laguntza publikoan sartzea ahalbidetzen duena.

    • Bateraezintasun medikoa berreskuratu eta indartzea, eta baliabide publikoak hobeto aprobetxatzea aldarrikatzen dugu.

    • Era berean, mutualitateek berriki 2 osasun-sistema desberdin sortzeko erabili duten estrategia salatu nahi dugu, baita gainfinantzatutako konpontzailea biztanleria aktiboarentzat, eta bestea deskapitalizatua gainerako herritarrentzat.

    • Azkenik, baina ez horregatik garrantzia gutxiagokoa, osasun publi -

    koan herritarren hizkuntza-eskubideak erabat bermatzea ere eskatzen dugu.

    Proposatzen dugun osasungintza- eredu berri horren sorrera aldarrikatzeko, OPA Herri Plataformak koordinakundeak, manifestu honekin bat egin nahi duten gizarte eragile guztiekin batera, dei egiten diegu herritarrei 2024ko martxoaren 16an, larunbata, Bilbon, Donostian eta Gasteizen egingo diren manifestazioetan parte har dezaten.