Udarregi ikastolako ikasle bat saritua, Bertso Idatzien Eskolarteko Txapelketan

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 16a, 09:07

Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak antolaturiko ekimen jendetsua egin dute ostiral honetan Oiardo kiroldegian.

Bertsotan goizpasa ederra egin zuten ostiralean gaztetxoek Gipuzkoako Bertsozale Elkartekoen eta Ikastolen Elkartekoen eskutik. Dagoeneko 44. ediziora heldutako Gipuzkoako Eskolarteko Bertso Txapelketan parte hartu zuten 200 gaztetxok. Harrera jendetsua izan zuen Oiardo kiroldegian antolatu zuten eskualde mailako ekimen honek.

Izan ere, eskualdeka bideratzen dute ekimen hau bertsozaleen eta ikastolen elkarteek lankidetzan. Hilaren 1ean, Errenterian egin zuten saioetako bat, hilaren 5ean Azpeitian, bi egun geroago Zumarragan, biharamunean Hernanin, asteartean Tolosan egin zuten, ostegun honetan Eskoriatzan, eta hilaren 22ko Elgoibarko hitzorduaren aurretik, ostiral honetan Usurbilen bildu dira Urola Kosta eskualdekoak. Zumaiatik hasi eta Getaria, Zarautz, Orio eta Usurbilgo hainbat ikastetxeetako kideak batu zituen atzoko hitzorduak; tartean, Udarregi ikastolakoak.


LH 3. mailatik DBH 2. mailara arteko 200 gaztetxo elkartu ziren guztira, aipatu moduan. Antolatzaileek azaldu moduan, hiru adin tarteetan bildu zituzten parte hartzaileak; LH 3 eta 4 mailetakoak batetik, 5 eta 6 mailetakoak bigarrenik, eta DBH 1-2koak azkenik.

Hiru zati izan zituen hitzorduak; lehenbizi, ordubetez bertsoak idazten aritu ziren. Segidan, Bertsozale Elkarteko zenbait kideren bertso saioaz gozatzeko aukera izan zuten. Epaimahaiak azkenik, jasotako bertso guztien artean hainbat saritu zituzten. Haien artean, Udarregi ikastolako ikasle bat; segidan dituzue Anne Lasa Osesek sortutako bi bertsoak. Albiste honi atxikitako talde argazkian, eskolarteko bertso idatzien eskolarteko txapelketako saritu taldea.

Lehen saria (DBH 1-2): Anne Lasa Oses

1
Gaur ostirala, etxean nago
jantzita etxeko bata

Koronabirus nazkagarriak
harrapatu(e)ta  a ze lata
Jo, panorama ederra daukat
gaixotzeko txarra data

Zer egingo dut, ateartean
Korrika pasatzen da ta (bis)

2
Amaitezinak egiten zaizkit
orduak izarapean

Tripako mina, burua erretzen
hementxe nago ohean

Berrogeikoa daukat sukarra
ta medikua aurrean

Kebab eta parrandarik gabe
geldituko naiz etxean