Atzera begira

Atez ateko bilketak 15 urte

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 16a, 08:29

Usurbilgo hondakinen kudeaketa eredua irauli zuen bilketa sistema martxan jarri zenetik hamabost urte bete dira gaur.

Herritarren ohitura aldaketa txiki batek iraultza ekarri zuen Usurbilgo nahiz Euskal Herriko hondakinen kudeaketara. 2009ko martxoak 16 zituen, duela 15 urte, beraz. Hondakinak atez ate biltzen hasi zen udalerri honetan eta Usurbil alor honetan aitzindari bilakatu zuen. Hilabete gutxiko tartean, %28,42ko gaikako bilketa izatetik %80koa izatera heldu zen. Eta ordutik, urtez urte, hobetzeko erronkan aritu da herri hau. %87ko gaikako bilketa izatera heldu zen udalerri hau 2022an.

Atari honetako bertako "Aldizkaria" atalean bilduak ditugun orain arteko NOAUA!ren argitalpenetan arakatzen hasita, duela hamabost urteko lehen hilabeteetako astekarietan ikus daiteke, gai honek izandako protagonismoa, baita gerora ere.

Hamabost urte igaro dira ordutik. Hemen atez ateko bilketak herri honetan eginiko ibilbideari eta izandako bilakaerari lotutako hainbat mugarri:

Atez atekoak 15 urte
2008an zehar: atez ateko bilketaren nondik norakoak herritarrekin batera zehazteko, Usurbilgo Udalak parte hartze prozesua antolatu zuen auzoz auzo.

2009/01-03: azken prestaketa lanak; kuboen banaketa, zintzilikagailuak jartzea...

2009/02/13: ezohiko osoko bilkura. Atez ateko bilketa abiatzea onartu zuen udalbatzak.

2009/03/14: edukiontziak agurtzeko ekitaldia ospatu zen. Larunbat horretan kendu zituzten. Herriko kaleak edukiontzietatik libre geratu ziren.

2009/03/16: atez ateko bilketaren hasiera. Udal langileek bildu zuten lehen hondakin zatia; organikoa. Ikusmin handia, baina normaltasuna nagusi lehen egunetik. Handik gutxira, gaikako bilketa %28 ingurutik %82 ingurura igo zen.

2009/04: Udalak 4 hilabeterako finkatua zuen erronka lau asteten bete zen. Atez ateko bilketak, %28,42tik %76,08ra igo zuen gaikako bilketa Usurbilen. 

2010/02/27-28: hondakinen kudeaketa ereduari loturiko herri galdeketa historikoa Usurbilen. Herritarrei galdetu zitzaiena: "Zein bilketa sistema nahi duzu Usurbilerako?". Atez atekoa garaile. 1.927 bozka atez atekoaren alde, 1.472 5 edukiontzien sistemaren alde. 4 edukiontzien aldeko 26 bozka. Parte hartzea, %70ekoa.

2010/03/12: atez atekoa goraipatu, zero zabor bidean sakondu eta erraustegiarentzako moratoria eskatzen zuen Usurbilgo Ituna sinatu zuten eragile sozial, sindikal eta politiko anitzek, Donostiako Kursaalen.

2011/03/20: errausketaren aurkako eta alternatiben aldeko flash mob jendetsu eta historikoa Zubietan.

2011/11/26: lehen auzokonpostatze gunea inauguratu zuten Errekatxikin. Ordurako ia 600 sendi ari ziren organikoa konpostean bihurtzeko lanetan. Gerora, konpostatze guneak eta egitasmo honekin bat eginiko sendiak ugaritzen joan dira.

2012/07/16: Garbigune berriaren inaugurazioa Atallun. Kalezarko Pikaolakoa ordezkatu zuen. Zerbitzuen zabaltze eta hobetzea.

2014/07/06: Hondakinen sortzez besteko ordainketa sistema berria martxan jarri zen. Erreusari aplikatu zitzaion. Erreusaren bilketa bi asterokoa izatera igaro zen.

2015/07/01: atez ateko bilketa martxan jarri zuten Zubietan, Usurbilgo partean. Donostiako lurretan bizi direnei atez atekora batzeko aukera eskaini zitzaien.

2016/03/16: atez ateko bilketak 7 urte. Usurbilgo gaikako bilketa, %83,61koa da, Usurbilgo Udalaren 2015eko datuen arabera.

2016/12/22: Usurbil 0.0 aurkeztu zuten, herriari hondakinen kudeaketa eredu integral baterantz bidea jorratzen lagunduko dion egitasmoa.

2019/03: Zubietako herriguneko hondakinen bilketa Usurbilgo Udalaren gain uzteko hitzarmena lantzen ari dira Zubietako Herri Batzarra eta Usurbil zein Donostiako Udalak.

2019/03/16: atez ateko bilketak 10 urte. Usurbilgo gaikako bilketa %85ekoa da.

2019/10/21: Zubietako Herri Batzarrak eta Donostia zein Usurbilgo Udalek aurreko udaberrian adostu eta sinaturiko hitzarmena indarrean jarri zuten. Helburua, Zubietari eskaintzen zizkioten zerbitzuak koordinatu, ardurak banatu eta eraginkortzea zen. Zubietako hondakinen kudeaketaren ardura Usurbilgo Udalaren esku geratu zen. Donostia aldean bizi ziren zubietarrei hondakinak atez ate biltzeko aukera eskaini zien Usurbilgo Udalak.

2020/03: covid19ak eragindako osasun krisialdia tarteko, konfinamendu orokorra hasi eta berehala Usurbilgo Udalak hondakinen bilketa sistema egokitu zuen. 

2021/03: papera eta ontzi arinak birziklatzeko poltsa hori eta urdinen banaketa bideratu zuen Usurbilgo Udalak.

2022/01: atez ateko bilketa zerbitzuan zenbait aldaketa txertatu ostean, hondakinak 8:30etarako ateratzeko deia egin zuen Usurbilgo Udalak.

2022/12: hondakinen larrialdi guneak, telefono bidez irekitzeko aukera martxan jarri zuen Udalak.

2024/03/16: atez ateko bilketak 15 urte.