Nafarroa atzean utzita, Araban barneratu da astelehen goizalde honetan, martxoaren 17an, 23. Korrika. Euskararen aldeko lasterketa herrialdearen ekialdetik sartu eta irtengo da bihar. 24 orduko tarte honetan, goizaldean Kanpezutik hasita, bihar goizean Eginora heldu arte, Guardia, Trebiñu, Argantzon, Langraiz, Izarra, Murgia igaro... eta nola ez, hiriburua, Gasteizen barrena ibiliko da.
Herrialdez herrialde
Egun seinalatua izango du 23. Korrikak, biharkoa. Egun berean, hiru herrialde zeharkatuko ditu; gauerdi osteko lehen orduetan Araba. Goizaldeko 4:30ak pasatxoan Nafarroara itzuliko da berriz, Ziordiatik. Sakana ingurua zeharkatu ostean, Irurtzunetik iparralderantz joko du euskararen aldeko lasterketak. Leitza eta Goizuetatik Gipuzkoara sartuko da Hernanitik. Beterri Buruntza eskualde honetan Hernanitik Lasarte-Oriara eta handik hipodromoko zubitik helduko da Korrika gure artera, astearte gaueko 22:50 aldera.
Zuzenean 24 orduz
Euskararen aldeko lasterketa zuzenean jarraitu ahalko duzue 24 orduz, EITB-ren seinalearen bidez, albiste honi atxikia duzuen bideoan.
Gogoan izan, 23. Korrika Usurbila heltzeko egun bakarra baino ez da falta!