Seigarren egunez eta nekatu gabe, bizi asko dabil 23. Korrika Euskal Herrian barrena. Azken 24 orduotan Araba zeharkatu du AEKren ekimenak. Adi, gaurkoa egun seinalatua baitugu. Izan ere, heldu da Usurbil ere "Harro Herri" dela erakusteko ordua. Gauerdia pasata Dulantzin (Araban) eguneko lehen kilometroak egin dituen 23. Korrika gure artera helduko da eta udalerri honetan agurtuko du astearte hau. 22:50 aldera sartuko da Zubietako hipodromotik. Zubieta, Santuenea, Kalezar, Kaxkoa igaroko ditu. N634 errepidetik Atxegalde eta Aginaga. Gauerdiaren bueltan oriotarren esku utziko dute aginagarrek, Euskal Herrian barrena eskuz esku dabilen lekukoa.
Hiru herrialdeetan egun berean
Dulantzitik Usurbila bitarte, gaurkoan hiru herrialde zeharkatuko ditu 23. Korrikak. Aipatu moduan, Araban zen oraindik gehienak lokartuak ginenean. Goizaldean igaro da azkeneko udalerrietatik; Dallo, Zuhatzi Donemiliaga, Agurain, Erdoña, Zalduondo, Araia eta Eginotik. Eguna argitu aurretik sartu du muturra Korrikak berriz Nafarroan, goizaldeko 4:30ak aldera Ziordia aldetik.
Iluntzera arte, herrialde honetan bertan segiko du; Sakanako udalerriak zeharkatuko ditu lehenbizi. Goizeko 9:00ak pasatxoan Irurtzundik Leitza aldera joko du. Gero handik 18:30ak pasatxoan helduko da Goizuetara. Eta, adi, bertatik iritsiko da lasterketa ezagun hau Gipuzkoara, Hernanitik hain zuzen. Beterri-Buruntzan agurtuko du gaurko eguna. Izan ere, Hernanitik Lasarte-Oriara joko du eta handik hipodromoko zubitik helduko da aipatu moduan gure artera 23. Korrika!
Gipuzkoatik Bizkaiara
Astearte gauean eta asteazken goizean ere Gipuzkoan segiko du 23. Korrikak. Urola Kostako udalerriak zeharkatuko ditu gauean Zumaiaraino. Goizaldean, Bergararaino joko du, eta handik Debabarrenatik Mutrikura heldu eta hor, 15:00ak pasatxoan Bizkaian sartuko da, Ondarroatik hain zuzen.
Zuzenean 24 orduz
Egunotan bezala, gogoan izan; euskararen aldeko lasterketa zuzenean jarraitu ahalko duzue 24 orduz, EITB-ren seinalearen bidez, albiste honi atxikia duzuen EITBren seinalearen bidez.