Haurren eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzeko gurasoak hezkuntza-gaitasunetan trebatzea xede duen Treba Gurasoak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren prestakuntza-ekimena Usurbila heldu zen otsailean, Gaztelekuaren, Hitz Aho Udarregi ikastolako guraso elkartearen, Udalaren eta Aldundiaren eskutik. Lehenengo saioan, “haur eta nerabeen emozioen bidelagun: nola zaindu seme-alaben emozioak” izan zuten hizpide nagusi. Aurreko astean, “pornografia gaur egungo sexu-heziketa ote?" izan zuten hizpide nagusia.
Treba gurasoak egitasmoa, Aldundiaren esanetan, "tresna arina eta eraginkorra izan nahi du, hainbat eragileren lankidetzaren bidez, guraso izateari dagokion ezagutza lurralde osoan transmititzeko. Hazieraren eremu hori hain aldakorra izanik, gainera, bizia eta malgua izan nahi du, unean uneko errealitatera eta eskaerara egokitu ahal izateko".
Hamaika gai
Ikasturte honetan martxan dagoena proiektu honen hirugarren edizioa da. Iaz, 103 hitzaldi eta tailer antolatu zituzten Gipuzkoako 48 udalerrietan, tokian tokiko udal, guraso elkarte eta eragile gehiagorekin lankidetzan. "Guztira, 2.493 gurasok hartu zuten parte, eta beren batez besteko balorazioa oso ona izan zen, 9,20koa hain zuzen ere", Foru Aldundiaren esanetan. Halere, parte hartzaileek iaz eginiko ekarpenetatik aldaketak txertatu dituzte aurtengoan. Izan ere, "950 gai-proposamen inguru" egin dituzte gurasook eta hauek ere kontuan hartu ditu Aldundiak.
Gai-zerrenda honetan daude, aurtengoan Gipuzkoako udalerrietako hitzaldietan ahotan hartuko diren honako hauek: sexualitatea, adimen emozionala, jokabide-menpekotasunak, pantailen erabilera, berdintasuna, osasun mentala, bullying egoerak, familiako gatazkak, harreman sanoak, substantzien kontsumoa, komunikazioa familian, pornografia, arauak eta mugak, autoestimua, lehen sorospenak...
Usurbilen ere egin ziren saiook iaz; "familiako gatazkak eta estresa kudeatzeko pilulak" eta "arauak eta mugak familian. Nola ezarri era asertibo batean" izeneko hitzaldiak antolatu zituzten Potxoenean.
Aurtengoari dagokionean, ostegunerako deitu dute azkeneko hitzordua:
Treba Gurasoak
Eguna: martxoak 21, osteguna.
Ordua: 18:00.
Tokia: Potxoenea.
Hitzaldia: "Komunikazioa familian. Guraso eta seme alaben arteko harremanak eta komunikazioa hobetzen".
Hizlaria: Leyre Cano.
Zehaztasunak: "Hitzaldiak, besteak beste, helburu hauek ditu : Komunikazio enpatikoa eta asertibitatea zer diren eta zertarako balio duten ulertu, haurrek entzun dezaten, nola hitz egiten ikasi eta haurrek hitz egin edo sentitzen dutena partekatu dezaten entzuteko moduaren kalitatea areagotu, hitzezkoa ez den komunikazioaren kontzientzia hartu, emozioak eta beharrak identifikatzeko trebatu, baliabide praktikoak ezagutu eta egunerokoan sortzen diren egoerak landu".
Norentzat: haur eta nerabeen gurasoentzat.
Izen-ematea: doan, usurbilkultura.eus webgunearen bidez.
Plaza-kopurua: mugatua.
Antolatzaileak: Gaztelekua, Hitz Aho Guraso Elkartea, Usurbilgo Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia.