Heldu da "Harro Herri" garela erakusteko eguna. Euskararen aldeko lasterketa badator gaur gauean eta aurretik, girotzen hasteko Korrika Eguna! Bazkalostetik hasita, gaueko 22:50ak arte etengabeko girotze ekitaldiak izango dira, arratsalde partean Kaxkoan eta iluntzean, baita Aginagan eta Zubietan ere.
Hasteko, ikastetxeen txanda Korrika Txikiekin. Aginagako eta Zubietako eskolek haien herriei itzulia emango diete. Udarregi ikastolak, HH, LH eta DBHko zikloetako ikasle eta irakasleen eskutik bi ibilbide osatuko dituzte; bat Santueneatik hasita, Bizkarre alderantz, eta handik, Zubiaurreneatik frontoian amaituko dutena. Bestea, Haranetik hasi, Kalezar alderik alde zeharkatu, Artzabalgo itzulia egin eta frontoian amaituko dena. Pilotalekuan amaiera bateratua emango diote Korrika Txiki horri.
Arratsaldean zehar, bestalde, jolasak, jan-edana edota bertsoak tartekatuko dira Kaxkoan. Korrikarako indarberritzeko, azkenik, iluntzean lagunartean mokadutxoa egiteko hitzorduak antolatu dituzte baita Kaxkoan bertan, Zubietan eta Aginagan.
Hortik aurrera, bakoitza bere eremuan kokatu eta... Korrikara!
23. Korrika Kulturala Usurbilen
Martxoak 19, asteartea
14:30 Korrika Txikiak Zubietan, Aginagan eta Usurbilen.
Kaxkoan:
17:00 Familia plana Zirimarak antolatua.
18:30 Txokolatada.
19:30 Bertso saioa, bertso eskolakoen eskutik.
20:00 Atari irekia Aitzagan. Txartelak 12 eurotan Aitzagan.
20:30 Gazte-ilunabarra Aztarrika Gazte Asanbladakoen eskutik.
Zubietan:
20:30 Afaria:
-Bokadiloak: patata tortila, xolomoa (gazta edo piperrekin).
-Edaria, postrea eta kafea.
-Prezioa: 6 euro.
Aginagan:
20:30 Afaria: patata tortila, txorizo egosia eta sagardoa.
21:00 Dja girotzeko eta karaokea.
23:10 Korrikarako prestatuko gara.
Martxoak 21, osteguna
18:00 Kultur ibilbidea Usurbilen barrena, Etumeta AEK euskaltegi paretik abiatuta: musika, abeslariak, erraldoiak...