Zalantza izpirik gabe, euskarari eta euskararen herri honi gorazarre egiteko eguna gaurkoa Usurbilen. Badator 23. Korrika eta argi nabari da herriko kaleetan. Bazkalostean hasi dira beroketa ariketak ikastetxeetako Korrika Txikiekin; irudiotan, Udarregi ikastolak ospaturikoa.
Zutabe bana abiatu da 15:30etan jaurtitako suziriaren ondotik; bat Santueneatik, bestea Kalezartik. Biak ala biak gogotsu, bizi asko eta koloretsu, euskara eta euskaltzaletasuna zeramatzaten ahotan eta eskuartean, banderola eta pankarta ezberdinekin; eta nola ez, eskuz esku ibili den lekukoa. Ziklo bakoitzeko mailaz maila, DBHtik hasi HHraino, euskararen alde lasterketa egin dute. Bidean aurrera egin ahala Korrika Txikia geure hizkuntzaren aldeko aldarrien uholdean bilakatu dute, denak batera frontoira iritsi direnean.
Euskaltzaletasunarekiko harrotasuna adierazi eta euskarari gorazarre egiteko baliatu dute lekuko barruan zeramaten mezua bistaratu eta plazaratzeko hartu duten tartea. Eta gero, kantuan aritu dira. "Gu euskaraz, eta zu, zergatik ez", hortxe kantetako batek zioena, "euskara, jalgi hadi plazara" beste batek. Abesti ezagunak ahotan hartu eta dantzan amaitu dute pilotalekuko emanaldia; horretarako, aurtengo 23. Korrikako abestia baliatu dute.