23. Korrika

Mundu bat, euskaltzaleen uholdea barneratu da Usurbilen

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 20a, 00:20

Euskaltzaleen uholde betean, kabitu ezinik heldu da 23. Korrika gauerdia baino lehen Usurbilgo erdigunera.

Hitzik gabe uzten duten irudiak segidan; elkartasunarenak, batasunarenak, hizkuntza eta herri bizi batenak. Argazki zirraragarriak, hunkigarriak... Bi urtean behin bihotza buruari erabat gailentzen zaion unea. Ikusi nola heldu den 23. Korrika gauerdi aurretik.

Euskaltzaleen uholdea bizi izan du herri honek, ez nolanahikoa, gainera. Ikusi irudiotan nola iritsi den euskararen aldeko lasterketa Oxtapera. Bengala eta ikurriña artean egin die harrera Usurbilgo gazte mugimenduak, lekukoa hartzeko irrikitan ziren Aztarrika gazte asanbladakoak eta lasterketara batzeko prest ziren gainerako korrikalari eta ikus-entzuleak.

Mundu bat sartu da Usurbilen, eta herria haienganatu dute. Kalezarren, Egurtzegi zaintzadun etxebizitzen auzune berrian Udarregi ikastolak hartu du lekukoa, gero Elhuyarrek eta herri erdigunetik Usurbilgo Udalak atera du Baionara heldu arte ezagutuko ez dugun mezu sekretua ezkutuan daraman euskarri ezaguna. Udalak eta atzetik zetorren euskaltzaleen uholdeak. Izan ere, sartu bezala atera da Kaxkotik 23. Korrika. Hunkituak, irribartsu, festa eta aldarrikapen giro betean ziren lasterkariak bidelagun zituela. 

2026ra arte itxaron beharko dugu berriz halako irudiak jasotzeko.