#A21

Hauteskundeetarako mahaikideen hautaketa eta Txirikorda, gaurko osoko bilkurako hizpideen artean

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 21a, 07:01

Martxoa amaierako jai egunak tarteko, ostegun honetara, martxoaren 21era aurreratu dute osoko bilkura.

Martxoko osoko ohiko bilkurako gai-zerrenda helarazi berri du Usurbilgo Udalak. Izan ere, betiko moduan, hilabeteko azken ostegunean ez, datozen jaiegunak tarteko, azkenaurreko honetan egingo da; gaur bertan, beraz, hilaren 21ean. 

Besteak beste, Txirikordako obra kontratuaren suntsiketa edota goi- eta behe-saneamenduko sareen mugaketa hartuko dute ahotan udal ordezkariek. Horrez gain, hilabete barru, apirilaren 21erako deituak dauden Eusko Legebiltzarreko hauteskundeei begira osatu beharreko mahaietako kideak hautatuko dituzte zozketa bidez. Aplikazio informatiko batek ausaz aukeratuko ditu egun horretan, lan egitea egokitu zaien herritarrak. Zozketa egin ostean, udaltzaingoak helaraziko dizkie jakinarazpenak atez ate hautatuak izan direnei.

Gogoan izan, zozketa hauek egiteko epea berez, martxoaren 23tik 27ra finkatua zegoen. Datozen jai egunok tarteko, ordea, hainbat udalek zozketa hauek egiteko epea aurreratzea eskatu dute asteotan. Berriki, EAEko Hauteskunde Batzordeak eskabide horri baiezkoa eman zion. Ondorioz, martxoaren 21etik 25erako tartea izango dute udalek zozketa hauek egiteko. Usurbilgoari dagokionean, epealdi horren lehen egunean egokitu da osoko bilkura. 

Donostiako Udalak ere ostegun honetan, martxoaren 21ean egingo du zozketa hau. Izan ere, Donostia aldean bizi diren zubietarrek botoa emateko mahaia bertako eskolan kokatuko dute. Kasu horretan, Donostiako Udalari dagokio mahai horretako kideak hautatzea. Gipuzkoako hiriburuko udalak jakinarazi berri duenez, zozketa gaur, martxoaren 21ean goizeko 9:00etan egingo dute, Easo kaleko 41 zenbakiko Udalinforen bulegoan. Zozketako emaitzak donostia.eus bidez jakinaraziko dituzte.


Osoko bilkura
Eguna: martxoak 21, osteguna.
Ordua: 18:00.
Tokia: Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoa.
Gai-zerrenda:
1.- 2024ko otsailaren 29ko bilkurako akta onartzea.
2.- Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2024ko otsailaren 26tik martxoaren 12ra (2024/241-2024/315).
3.- 2024ko apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeetako mahaikideen zozketa.
4.- Goi- eta behe-saneamenduko sareen mugaketa (HZ.06/2020-0263).
5.- Txirikordako obra kontratuaren suntsiketaren likidazio juridiko eta ekonomikoaren behin-behineko emaitzari Contrucciones Murias S.A.-k aurkeztutako alegazioak ez onartzea eta behin behineko likidazio juridiko ekonomikoa behin betikotzat jotzea (ID.05/2021-0054).
6.- Galderak eta eskaerak.