Sortu zutenetik urtarrilean 15 urte betetako Usurbilgo Euskal Kantu Taldea hirutan entzun dugu azken aldian; Santa Ageda bezperako eskearen ondotik, iragan hilaren 24an hilabete horri zegokion ohiko kantu-jiran. Hilabete hasieran, bestalde, "2 ordu Palestinarekin" mobilizazio berezian parte hartu eta abestu zuten.
Hilabete hau agurtzerako plazara irtengo dira berriz. Izan ere, kantu-jiraren hileroko edizioa iragarri dute, oraingo honetan, ordea, berrikuntzekin. Hasteko, hitzordua aldatu egingo dutela jakinarazi dute aipatu herri bilgunetik. Dakizuenez, hilero azken larunbatetan irteten dira kalejiran. Oraingo honetan, ordea, igande honetan elkartuko dira, 12:00etan Mikel Laboa plazan. Martxoko kantu-jira hilaren 24rako iragarri dute.
Zazpigarren monografikoa
Ez da aurreikusi duten berrikuntza bakarra izango. Hitzordu aldaketarekin batera, edukiari dagokionean ere saio berezia iragarri dute; Pantxoa Karrereri eta Peio Ospitali eskainitakoa izango da. Izan ere, azken urteotan beste hainbatetan egin duten moduan, monografikoei helduko die berriz Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak. Hala, Pantxoa eta Peioren abestiez soilik osaturiko kantu-jira prestatzen ari dira hilaren 24rako, astelehenero 18:00etan Agerialdeko musika gelan egiten dituzten entsegu saioetan. Otsaila amaieratik lanketa horretan dabiltza buru-belarri, bilgune horretatik aditzera eman dutenez. Gaurkoa izango dute datorren kantu-jira aurreko azken entsegu saioa.
"Lehendik baditugu sei monografiko eginak: Imanol Lartzabal, Imanol Urbieta, Xabier Lete, Mikel Laboa, Joxan Artze eta Oskorri". Zazpigarrena izango da Pantxoa eta Peiori buruzkoa. Aurrekoetan egin duten moduan, oraingoan ere, kantu-jira berezi horri begira, liburuxka berezi bat prestatu dute datorren herri barruko bira berezian abestuko dituzten 27 kantuekin. "Badira beste hainbat kantu eder baina gure galbaheak 27 kantu hauek aukeratu ditu, kantatuz, Pantxoa eta Peioren ekarpena gogoratzeko", dio liburuxka horretan Kantu Taldeak txertaturiko oharrak.
Sutegin edota kantu-jiran eskuragarri
Aipatu 27 abesti horien guztien letra biltzen ditu dokumentuak. Bertan dira, besteak beste, "Bai Euskarari", "Ikastolako Ereserkia", "Kanta Aberria", "Batasuna"... Horrez gain, bi musikari eta abeslarion ibilbide oparoari buruzko hainbat zertzelada ere bildu ditu bertan, Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak.
Orain arte landu dituzten dokumentuekin egin bezala, honako hau ere Sutegi udal liburutegian duzue eskuragarri, nahi duenak kopia bat jaso dezan. Hilaren 24ko kantu-jirara doanari, abesten parte hartuko dutenei ere kopia bana helaraziko die Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak. "Monografiko honek, Pantxoak eta Peiok Euskal Herriari egin dioten kantu eta kultura transmisioaren ekarpen aberatsa eskertzea du helburu. Omenaldi xume bat", aipatu herri bilguneko kideen esanetan. Izan ere, egoki asko oroitarazi duten moduan, "euskal kantagintzak eman duen bikoterik ezagun eta iraunkorrenetakoa osatzen dute Pantxoa Karrerek eta Peio Ospitalek. 60ko hamarkadan hasi ziren kantari, Ipar Euskal Herrian. Baina berehala Francoren menpeko euskal herritarrek himno bihurtuko zituzten haien kantuetako asko...".